Diru laguntzak eta baimenak emateko hizkuntza irizpideak onartu dituzte hainbat herritan

Guaixe 2013ko ekainaren 13a

Sakanan egiten diren haur eta helduen kirol jarduerak euskalduntzen joateko, epe motz eta ertainerako, Sakanako Mankomunitateko Euskara eta Kirol Zerbitzuek Kirola euskaraz programa martxan jarri dute. Bere helburua da sakandar euskaldunak kirola euskaraz praktikatzea posible egitea. Horrekin batera, kirol jardueretan euskaren presentzia bermatzea ere. Horretarako, behar-beharrezkoak dira bai begirale bai aurkezle euskaldunak. Mank-ek badu lan poltsa bat eta harri bultzada eman nahi dio, udalendako eta kirol elkarteendako begirale eta aurkezle euskaldunak lortzea errazagoa izan dadin. Bestalde, udalek hizkuntza kontuan hartuko dute herrietako elkarteei diru-laguntzak ematerakoan. Diru-laguntzetarako baldintzakUdaletatik diru-laguntzaren bat jasotzen duten elkarte eta entitateek diru lagundutako euren jardunaren bitartez agerpen publiko guztietan euskara edo euskara eta gaztelania erabili beharko dute, bai ahoz bai idatziz. Ele-bitan aritzen diren kasuetan lehentasuna euskarak izanen du. Horretarako, euskararen ahozko ezagutza eta erabilera egokia duten begiraleak, aurkezleak, trebatzaileak edota hizlariak hautatuko dira. Herritar guztiei zabaldutako jarduera bat garatu behar duten eta diru-laguntza jaso dutenek sortzen dituzten ageriko elementuak, gutxienez, euskaraz egon beharko dute. Aurrerantzean diru-laguntza eskuratzeko baldintzetako bat hizkuntza irizpideak izanen dira eta horretarako beharrezko jotzen diren egiaztapenak eginen dituzte erakundeek. Bestalde, udalaren baimena behar duten jarduerei lotutako idazki, iragarki, ohar eta gainontzeko komunikazioak euskaraz edo ele-bitan izan beharko dute. Eta gauza bera propagandarekin. DagoenekoIrurtzunen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Ergoienan, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Urdiainen eta Altsasun onartu dira. Arruazun, Iturmendin, Olatzagutian eta Mank-en hurrengo bilkuran aztertuko dute. Arakil, Irañeta eta Ziordia proposamenarekin bat egin dezatela saiatuko dira ere.