Le bleu est une couleur chaude

Guaixe 2013ko ekainaren 21a

Maiatzaren bukaeran izan dugu Cannes hiriko zinema festibala. Komikizaleon artean sorpresa nabaria izan zen, sari potoloena komiki ez oso komertzial batean oinarrituta dagoelako. Ez da arrunta horrelako gauzak gertatzea, oso gutxitan egiten dira pelikula ezagunak eta onak komiki xumeetan oinarrituta. Gertu, ziur aski gure zinematara ere iritsiko da eta.Bai ba, Cannes-eko urrezko domina, aurkeztutako pelikulen artean hoberena La vie d''Adèle izenekoa izan zen epaileentzat. Ezin asko hitz egin pelikulari buruz ez baitut ikusi oraindik, baina bai aitzakia polita komiki bati buruz hitz egiteko. Le bleu est une couleur chaude (urdina kolore beroa da) komikian oinarritua dago pelikula saritua. Egileak, Julie Marohek, Angoulemeko sari nagusia irabazi zuen 2011. urtean komiki honekin.Komiki honetan lehena erakarri ninduena marrazkia izan zen. Bai, oso marrazki borobil eta erakargarria dauka komikiak. Ez dakit egilearen beste komikiek ere itxura berdina izango duten, baina lehena erakarri ninduena, azalean bertan, duen trazu eta irudiak sortzeko teknika izan zen. Bestalde, komikian zehar kolore urdina azpimarratzen du etengabe. Askotan grisak bakarrik erabiltzen ditu marrazkietan, bat-batean urdinarekin detailetxo bat nabarmentzeko. Agertzen den lehenengo adibidea neska baten ilea da, hiria eta pertsonak grisez marraztuta daudelarik. Hori da erabiltzen duen beste trikimailu bat irakurlearen arreta erakartzeko.Hala ere, ez da txuri-beltzez egindako komikia. Hiru zatitan banatua, zati bakoitzak badu kolore ezberdina. Akuarelaren itxura dauka, nahiz eta beste teknika bat erabili. Honela, koloreak askotan urtuta daudela ematen du, bai eta grisak ere, nolabait arreta kolore horietan ez jartzeko. Urdina ordea, oso garbi eta sendo ikusten da.Oso ondo erabiltzen ditu irudien arteko trantsizioak eta istorioa erraz asko ulertzen da irudien bitartez. Irakurtzeko erraza ere bada, arin deskribatuta, nahiz eta jorratutako gaia gogorra izan daitekeen, batez ere gaur egungo Frantziako giro soziala kontutan izanik.Urdina buruan dugunean hotzarekin erlazionatzea da gure lehenengo erantzuna. Komikian ordea, protagonistak duen desioekin eta sentimenduekin lotuta dago. Bere barnean darabilen borroka bortitzean, kolore urdinak lagunduta, azkenik irtenbide bat aurkitzen du. Bere bizian duen antsietatea betetzen du urdinarekin eta bere sentimenduekin bat datorren erantzuna aurkitzen laguntzen dio.Oso komiki goxoa eta latza da aldi berean. Nerabeen gurasoekiko arazoak, sexualitatea eta baita gizarteak sortzen duen presio soziala ere lantzen duena. Baina, batez ere, maitasun komiki eder eta liluragarria dela deritzot.