Independentisten bilgune

Guaixe 2013ko ekainaren 19a

Bakaikuko eta Iturmendiko independentistak Iturmendin elkartu ziren Independentzia Egunean harremanak bultzatzeko eta esperientziak elkartrukatzeko. Apurtu ditzagun kateak lelopean burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatu zuten. Goizean umeendako jolasak, zaldi ibilbideak eta murala margotu zuten. Bazkaldu ondoren, eta Fermin Balentziaren emanaldia entzun ostean, Burundako bi herri arerioak herri olinpiadetan ohorea jokatu zuten. Baina Independentziaren eguneko xedea bestelakoa zen, eta kontzentrazioa eta ekitaldi politikoa egin zuten. Eguna Edorren kantaldia eta dantzaldiarekin amaitu zuten. Independentziaren aldeko ekitaldiak izandako Nekane Jurado ekonomilariaren hitzaldiarekin hasi ziren, ostiralean Bakaikun. Gaur egungo krisi ekonomikoak nork sortu duen, zertarako eta zein helburuarekin azaldu zuen Juradok. Eraldaketa soziala aldarrikatu zuen hizlariak. Baita egoera honi buelta emateko zenbait aldagai ere plazaratu zituen.