Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
PPk aurkeztutako mozioan ez zen onartu hondakin bilketa berrirako dirua enpleguaren sustapenerako bideratzeaNafarroako Parlamentuan ostiralean onartutako ebazpen batean Sakanako udalak eta Mank animatu zituzten "eskualdeko instituzio, politika, ekonomia, lan eta gizarte garapenean agente aktiboak eta positiboak izatera". UPN, PSN, Bildu, Aralar-NaBai eta PPren aldeko bozekin eta I-Eren eta Geroa Baikoen abstentzioarekin onartu zen eskaera. Alderdi popularrak aurkeztutako 5 puntuko mozio bateko lehena zen hori. Adostasun berarekin onartu zen bigarren puntuan aipatu ibarreko erakundeei Parlamentuak eskatu zien "haien aurrekontuen eta ekimenen barruan enpleguaren sorrera, enpresariei babesa eta ekintzaileei bultzada ematea lehenestea".Babes bera jaso zuen Nafarroako Gobernuari, Sakanako Udalei eta Mank-i "sakandarren beharretara ibarreko erakunde publikoen politikak egokitzeko eta ondorioz arlo guztietan kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko elkarrizketa arina eta etengabea" egindako eskaerak.Beste puntu bat erregionalisten, sozialisten eta popularren babesarekin atera zen aurrera. Hartan ibarreko erakundeei eskatu zitzaien "luzapenik gabe babestu eta tramitatu ditzatela, beti ere indarrean dagoen legedia betez, eskualdeko industria eta ekonomia ehuna modernizatu, berritu eta zabaldu ditzaketen proiektuak". Puntu horren kontra bozkatu zuten Bilduk, Aralar-NaBaik eta I-Ek eskatu zutelako "gizarte eta ingurumen errentagarritasun eta jasangarritasun" aipamena gehitzea eta ez zelako onartu. Geroa Baikoak abstenitu egin ziren. UPNren eta PPren babesa ez zen nahikoa izan azken puntua onartzeko. Mank-i eskatzen zitzaion hondakin bilketa berrira bideratutako aurrekontua jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzera bidera zezala. Bestalde PPk ez zuen onartu Geroa Baik haien mozioari aurkeztutako zuzenketa. Haren bidez, "Sakanako gizarte eta politika eragile guztiei, baita Nafarroako Gobernuari ere, berriki martxan jarri den eta ibarrerako plan estrategikoa zehaztea helburu duen hausnarketa estrategikoko Garapen Behatokian parte hartzeko" gonbitea egiten zitzaien.