Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia dira hondakinak gaika jasotzeko sistema berria mustuko dutenak (8.744 biztanle, sakandarren %42,1). Sakanako Mankomunitateak sustatutako aldaketa horrekin hondakinen birziklatze tasa handitu egin nahi da. Eta horretara behartuta gaude denok. Izan ere, 2014rako hondakindegiak itxi egin beharko dira eta 2020rako birziklatu daitekeen materialik ezin izanen da erraustu, beraz, gehiago birziklatu beharko da. Horiek kontuan izanik, 2010eko abenduan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integratua (NHKPI) onartu zuen. Agiri horretan jasotako helburuen artean dago herrialdean materia organikoaren bilketa ezartzea eta %50 gaika biltzea. Gaikako bilketa horretan material inpropioak gehienez %10 izan behar du. Mank-ek legedira egokitzeko ahalegina da indarrean jarriko den sistema berria. Orain arte materia organikoaren bilketa urtetan %24 inguruan mantendu da eta helburua %80ko birziklatze tasara iristea izanen da. Edukiontzi horian (ontzi arinak) Sakanan Nafarroako bataz bestekoa baino 5 kilo gutxiago birziklatzen da. Edukiontzi urdinean (papera eta kartoia), berriz, Nafarroan baino 10 kilo gehiago.Materia organikoaOstegunean hasiko da bilketa sistema berria martxan, hondakin organikoa jasotzeko egunetako batean. Jendearen kezketako bat delako. Hala ere, 4.000 inguru sakandarren materia organikoa jasotzeari utziko dio Mank-ek. 2.800 etxetan, gutxi gorabehera, konposta eginen da eta beste 2.000 pertsonak auzo-konposta egiteko izena eman dute. Materia organiko hori baratze, belardi eta lorontzietarako ongarri bihurtuko dute. Eta horregatik Mank-en hondakinen tasan %15eko hobaria jasoko dute. Horrela ibarreko birziklatze tasa orokorra handituko da. Etxarri Aranatzen 60 familiarendako jarritako konpostatze etxolak hainbat udal eta mankomunitateren interesa piztu du eta eredua ezagutzeko bisitan izan dira. Eguneko hondakin batAstelehen eta ostegunetan materia organikoa. Astearte eta ostiraletan ontzi arina.Asteazkenetan papera eta kartoia. Larunbatetan errefusa. Mank-eko langileak astean sei aldiz pasako dira hondakinak jasotzera, 6:00etatik 14:00etara. Sakandarrek hondakina bezperako 20:00etatik ateratzeko aukera izanen dute. Hondakin baten kantitate handietan dituenak edo oporretara joaten denak larrialdi guneetan uzteko aukera izanen dute. Sakanan eginaAurrekontua aurreikusitako 1.017.000 euroetatik 750.000ra jaitsi da. %68a Sakanako 20 bat enpresetan gastatu da, besteak beste, Carpintería Garciandía, Igoarkin Estudio Arquitectura eta Talleres Irulizar. Hondakin sistema berriak 9 lanpostu sortu ditu. Parte-hartzeazMank-ek herrika eredu bat proposatu zuen. Herri bakoitzean egindako bileretan jasotako ekarpenekin moldatu da eredua. 1.800 pertsona joan dira 28 herrietan egindako bileretara. Gainera, konposta nola egin ikasteko ikastaroak izan dira. Horretaz gain, zalantzak argitzeko informazio bulegoak zabaldu ziren Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian.Beste herriak Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena eta Lizarragabengoan hondakinak biltzeko guneak jarriko dira eta haietan hainbat edukiontzi izanen dira. Herritarrek hango giltza izanen dute hondakinak dagokion edukiontzian hondakinak botatzeko. Horrekin batera, konpostagailuak (etxekoak edo komunitarioak) banatuko dira udalerri horietan. Populazio eskasagatik eta arrazoi ekonomikoengatik hartu du erabakia Mank-ek. Bilketa sistema berria indarrean jarriko diren hurrengo izanen dira. Irurtzunen sei hilabete gehiago egonen dira edukiontziak herriko kaleetan. Aldi berean, Mank-ek informazio kanpaina garatuko du sustatu nahi duen sistema mistoaren inguruan argibideak emateko. Hondakinen tasa ordaintzen duten irurtzundarrek hondakin bakoitza non utzi behar den azaltzen duen hiztegi bat jasoko dute. Materia organikoa bereiztearen garrantziaz gaztigatuko da eta etxeko edo auzo konposta egitea nola egin erakutsiko dute. Irurtzunen urte erdi horretan edukiontzietan jasotakoa aparte bildu eta jasotakoa pisatzen ari da Mank. Ondoren emaitzak baloratzeko bilduko dira aldeak. Eredu berria ezartzen bada, Irurtzungo Udalak aukera izanen du hari buruzko herri-kontsulta egiteko. Altsasuko Udalak udazkenean egindako bilkuran hondakin bilketa sistema berriaren atzerapena irailera arte atzeratzea eskatu zion Mank-i. Horrekin batera, Altsasuko Udalak atez-atekoaren inguruko herri galdeketa egitea erabaki zuen. Erabakia loteslea izanen da. Bilkura berean gaia aztertzeko udalean batzorde bat sortu zen, "atez atekoaren eta dauden alternatibei buruzko informazioa emateko". Bestalde, Alde Zaharreko bizilagun talde batek auzo konposta egitea eskatu du. Kontrako sinadurakIrurtzunen atez ateko hondakin bilketa sistemaren kontrako 700 sinadura jaso zituzten. Baina nortasun agiriak falta zituztenez, baliagarriak 600 besterik ez ziren izan. Sinatzaileen iritziz, Mank-en sistema "garestia da, pertzak zintzilik uzteak irudi txarra ematen du eta pribatutasuna urratzen du".Arbizun 258 arbizuarren sinadura jaso zituen Arbizuarrak Plataformak. "Udalak inposatu nahi digun atez ateko sistema" ez dutela onartzen azaldu zuten. Ezarpenerako "kostu izugarriak" salatzearekin batera, sistema berriak "eragozpen gehiago, eta norberaren intimitatearen eta pribatutasunaren inbasio izugarria" ekarriko duela ziurtatu zuten. Hondakin organikoekin higiene eta ingurumen ondorioak izan ditzakeela uste dute plataforman. Haiek biogas plantetan tratatzea proposatu dute. Ssistemka herriaren estetikan izanen zuen eraginaz ere kezka azaldu zuten. Hondakinen bilketa sistemaren aukeraketan parte hartzen utzi ez zietelako kexu ere ziren, baita ezarpen prozesuaren azkartasunaz. 5. edukiontzia jartzea eskatu zuten. Informazio bideakBloga: www.sakana-mank.com/hondakinak Facebook: www.facebook.com/sakanamankTwitter: www.twitter.com/sakanamankE-posta: info@sakana-mank.com