Nekazaritza ekologikoan trebatzen hasteko aukera

Guaixe 2013ko ekainaren 20a

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) ikastaro pare bat antolatu ditu nekazaritza ekologikoa ezagutzen hasi nahi dutenendako. Ikastaro teoriko praktikoa izanen da. Alderdi teorikoa Etxarri Aranazko kultur etxean eta Altsasuko Iortia kultur gunean emanen dira eta praktikak bi herrietan dauden herri baratzetan eginen dira. Ikastaroak 32 ordutako iraupena izanen du eta hiru zatitan banatu da, uda, udazken-negua eta udaberria. Hala, urtaroen jarraipena eta bakoitzari dagozkion lanak ikasteko aukera eman nahi du SGAk. Nekazaritza ekologikoaren eta agroekologiaren oinarriak ikastearekin batera, lurraren garrantzia eta bere erabilera, landaketen planifikazioak, ureztaketa, beharrezko lanabesak eta elkarlanaz ikasiko dute parte-hartzaileek. Izen emateaHilaren 24a baino lehen eman behar da izena Etxarri Aranazko kultur zerbitzuan, Altsasuko Iortia kultur guneko sarreran edo www.sakanagaratzen.com-eko galdetegia erantzunez. Izen ematea doakoa da, baina ikasleek 20 euroko ekarpena egin beharko dute ikastaroan erabili beharko diren materialak (landareak, haziak...) ordaintzeko; sobratuko balitz bueltatu eginen litzateke. Egutegiak Etxarri Aranatz: garagarrilak 28; garilak 4; irailak 7, 14, 21 eta 28 eta otsailak 8, 15 eta 22. Altsasu: garagarrilak 25 eta 27; irailak 24 eta 26; lastailak 1, 3 eta otsailak 6, 13 eta 20. Ikastaroak 16:00etan hasiko dira.