Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Isabel Elizalde Arretxea Cederna-Garalurreko zuzendari-gerenteak azaldu digunez, Nafarroako Mendialdeko eskualde bakoitzean garapen dinamika propio bat bultzatzeko lanean ari dira. Behetik gora sortuko den garapen eredu baten alde egin du Cederna-Garalurrek eta, horretarako, ezin bestekoa da eskualde bakoitzean lan-mahaiak edo lantaldeak sortzea.Askotan izen batzuk entzun arren, zer den eta zein egiteko dituen ez dakigu, edo ahaztu egiten ditugu. Freskatu memoria: zer da Cederna-Garalur eta zein dira bere egitekoak?Ez dakit ahaztu, nik uste jendeak jakin, badakiela, badakigula Cederna Garalur hor dagoela. Beharbada ez dugu oso argi zer eta zein diren bere egitekoak. Gehienetan jendeak eta erakundeek diru-laguntzak bideratzeko eta lortzeko tresna bezala ikusten gaituzte, eta horretan gelditzen dira. Batetik, esaterako, nire lanpostua sortu nahi dut eta jakin diru-laguntzak jaso ditzakedan edo ez; ba, Cederna Garalurreko bulegora joaten naiz informazio eta laguntza eskatzera. Negozio bat ireki nahi dut... gauza bera. Bestalde, badakizue guk Leader programa kudeatzen dugula, atera dugun azken deialdia maiatzaren 10a arte irekia dago. Baina gure egin beharra eta egiten duguna ez da hori bakarrik, eta ez da gure lan nagusiena, nire ustez.Komunikazio aldetik, batzuetan, erabiltzen ditugun hitzak ez dira oso ongi ulertzen: landa garapena, parte hartzea, bideragarritasuna, iraunkortasuna... Nik xume esateko, eskualdean eta eskualdekoei laguntzea da gure egin behar inportanteena. Bere proiektuak, ideiak martxan jartzeko: ondoan egon, beste adibideak ekarri, jarraitu, aztertu... Batzuetan batzordeetan parte hartzen eta dinamizatzen ikusiko gaituzue, bestetan feriak antolatzen, bideragarritasun planak egiten... beste erakundeekin negoziatzen, bertako beharrak eta proposamenak bultzatzen...Gure lan eremua Nafarroako Mendialdea da, hau da, hegoaldetik hasita, Sakana mendebaldean eta Zangoza ekialdean eta hortik goiti Gipuzkoa eta Iparraldeko mugaraino. Zortzi eskualdetan banatuak gaude. Bakoitzak bere garapen agentea du eta guztira hiru enpresa zentro ditugu. Gainera, zenbait zerbitzu espezializatu ditugu: enpresa planak egiteko, kalitatea bultzatzeko, Europako informazio puntua, teknologi berriak...Egia esan eskualde bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta hauek egokitzen saiatzen gara. Erronkarik eta Sakanak izan ditzaketen beharrak ezberdinak dira eta zerbitzu eta laguntza beharrak ere ezberdinak dira. Bestalde, antzeko beharrak edo aukerak ikusten ditugunean, dinamikak eta proiektu komunak bultzatzen ditugu: prestakuntza, tailerrak, dinamikak, baratzeak direla, baso inguruko proiektuak, merkatariekin...Ez dugu ahaztu behar Cederna-Garalurreko bazkide gehienak bertako udalak direla, eta haiek agintzen dutela. Zuzendaritza batzordean eskualdeetako ordezkariek lehentasunak eta estrategiak adosten dituzte.Dagoeneko urte eta erdi daramazu zuzendari-gerente gisa. Zein helburu jarri dizkiozu zure buruari?Cederna-Garalur Nafarroako Mendialderako tresna irekia eta erreferentea izatea. Gauza asko ditugu hobetzeko baina gauza on asko ere baditugu. Hurbiltasuna eta ditugun baliabideak benetan eskualdean eragina izatea, eta beharrei erantzuna ematea. Nire helburu nagusia hau da. Esateko... erraza, egiteko... ez hainbeste. Lortzeko, nire ustez, bide bakarrak elkarlana eta konfiantza dira. Eta hor dago gure erronka.Eta Cederna-Garalurrek zein helburu jarri dizkio bere buruari?Cederna-Garalurrek duen helburu nagusia eskualde bakoitzak bere garapen dinamika sortzea da. Benetan garapena behetik gora egitea eta, horretarako, mahaiak edo lantaldeak osatzea. Eskualde bakoitzetik sortu behar dira Cederna-Garalurren eginkizunak. Bestaldetik, esan behar da bost lan arlo nagusi markatu ditugula: ondarea, turismo, merkataritza eta zerbitzuak; Lehen sektorea eta basoak; prestakuntza, enplegua; teknologi berriak, komunikazioa eta berdintasuna; garapen estrategiak eta horien inguruan sortu eta antolatutako estrategiak. Haiek gauzatzeko hurbiltasuna eta parte-hartzea aipatu dituzu. Zer moduz eskualdeetako toki-erakundeekin eta eragileekin izandako harremanak?Poliki-poliki ari gara. Hainbeste erakunde eta eragileekin elkartu gara: mankomunitateak, elkarteak, udalak, juntan, partzuergoak, taldeak, enpresak, ikasleak, medioak... batzuetan erraz, bestetan kostata... Nik uste pauso dexente eman ditugula, beti hobetu nahian, baina aurrera goaz, eta gure hurrengo pausoa aipatutako mahai horiek benetan eskualdeko motorrak izatea da.Eskualdeko diagnosiak egitekoak zineten. Zertan dira?Eginak eta edozeinek erabili nahi baldin baditu hor ditu eskura, www.cederna.es orrian zintzilikatuak daude.Zer erabilera dute diagnosi horiek?Lan arloak identifikatzeko, gure proiektuak diseinatzeko balio izan dute: prestakuntza, biomasa eta basoa, mikologia, merkataritza... Gure estrategiak finkatzeko eta sendotzeko. Diagnosiak ez dira dokumentu itxiak, irekiak dira eta lan tresna bezala erabiltzeko egin dira. Sakanako Garapen Agentziatik, adibidez, lehentasunak markatzeko, beste lan arlo batzuk gehitzeko... herriz herri aurkeztu zituztenEskualdeetan gurekiko izan zitezkeen eskaerak eta jarrerak ere jaso ditugu. Eta garrantzitsuena, eskualde bakoitzean ikusten diren ahultasunak eta indarrak ezagutzeko, eginbeharrak zehazteko eta lehentasunak markatzeko balio izan dute diagnosiek. Orain arteko estrategiak aldatuko dira?Estrategiak aldatzen joan den urtean hasi ginen. Lan arloak zehaztu ditugu, hasi gara batzordeak osatzeko eta martxan jartzeko prozesuekin... Laster, gaur egun Antsoainen dauden langileak eskualdera hurbilduko dira. Bestaldetik, erakundean eragile pribatu gehiago egotea eta parte hartze handiago edukitzea nahi dugu.Eta ondoren? Etorkizuna. Nafarroako Mendialdeko etorkizunari lotuta egonen da, bertako erakundeek eta eragileek esan beharko dute. Nire ustez Nafarroako Mendialdeak, elkarrekin joaten bagara eta elkar lagunduz, indarra, baliabideak eta bideak bilatzeko aukera gehiago izanen ditugu. Hau da, nik nire arazoak bakarrik ikusten baditut eta ez bestearenak, aurrean irtenbideak bilatzeko bide zaila izanen dut. Elkar ezagutzeak eta elkar ulertzeak lagunduko gaitu gure bailaratan bizitzera, lan egitera eta gozatzera.Zein balio du toki-administrazioekiko eta eragileekiko elkarlanak?Etorkizunera begiratzeko, gaur egungo arazoak gainditzeko, bideak bilatzeko, indarrak eta baliabideak ongi bideratzeko eta kudeatzeko, ardurak eta eginbeharrak banatzeko, konpromisoak bilatzeko, elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko...