Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Abiadura Txapelketa. 3. lasterketa, Albaceteko Zirkuituan. Moto 21.Alex Mariñelarena (Targobank Motorsport, Suter): 30:56,0192.Roman Ramos (Team Stratos, Ariane): 30:58,464Espainiako Abiadura Txapelketa. Moto 2. Sailkapen orokorra1.Roman Ramos: 85 puntu2.Alex Mariñelarena: 66 puntu*3 lasterketa jokatuta, beste 4 lasterketa gelditzen dira txapelketa despeditzekoAlex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak (Targobank Motorsport, Suter) Espainiako Abiadura Txapelketan esateko asko duela erakutsi du. Albaceteko zirkuituak txapelketako 3. proba hartu zuen asteburuan eta Irurtzungo pilotua jaun eta jabe izan zen Moto 2 mailan, lasterketa irabaziz eta sailkapen orokorrean buru den Roman Ramosekin duen aldea txikituz. Egun, 15 puntuko aldea dute bi pilotuek. Oraindik 4 lasterketa geratzen dira eta emozioa pil-pilean dago. Alex Mariñelarenak hasiera bikaina eman zion txapelketari, Montmelóko lehendabiziko lasterketa irabazi baitzuen, baina Aragoiko MotorLanden jokatutako bigarren proban arazoak izan zituen, 3. sailkatuz eta lidergoa Roman Ramosek eskuratuz. Albaceten lasterketa ona egitea zuen buruan Mariñelarenak, eta lortu du. Geroz eta gusturagoEntrenamendu ofizialetan egindako lanari esker 4. postutik hartu zuen irteera irurtzundarrak. 3,5 km-ko zirkuituari 20 itzuli eman behar zizkioten Moto 2 mailan irteera hartu zuten 33 pilotuek. "Zirkuitu honetan geroz eta gusturago nago, eta lasterketan nabarituko zait" adierazi zuen bezperan. Lasterketa Ramos, Rivas, Syahrin eta Mariñelarenaren artean erabaki behar zela ikusten zen hasieratik, eta hala izan zen. Irurtzundarrak oso irteera ona egin zuen eta itzuliak aurrera joan ahala, postuak aurreratzen joan zen. 10. itzulian Dani Rivasek lurrean bukatu zuen eta horren ondotik Mariñelarena kokatu zen probaren buruan, Roman Ramos arerio nagusia aurreratuta. Proba meritu handiz irabazi zuen Mariñelarenak (30:56,019), Ramosi 2 segundoko aldea aterata 30:58,464. Hafizh Syahrin izan zen hirugarrena. Mariñelarenak Jordi Colacios taldeko mekanikoen nagusiari eta bere arrebari eskaini zien garaipena. "Orain arte Albaceteko zirkuitua ez zaigu ongi joan eta horregatik ilusio berezia egiten dit garaipen honek. Ostiraleko entrenamendu libreetatik lan asko egin dugu motorra hobetzeko, lasterketan lehiakorrak izan ahal izateko. Lasterketa gogorra izan da, eta nahiz eta irteera parrillako lehen ilaratik ez atera, lehen 3 itzuliak pasa eta gero lasaitu egin naiz, buruan zegoen taldearekin bat egin ahal nuela ikusita. Azkeneko itzuliak, lehena nengoenean, nahiko gogorrak egin zaizkit ez nuelako erreferentziarik, baina irabaztea lortu dut eta oso kontentu nago. Babesleei euren laguntza eskertu nahi diet eta nire taldeari bereziki, aurten sekulako lana egiten ari baitira. Bereiziki mekanikoen buru den Jordi Colacios dut buruan, egoera pertsonal delikatua bizi baitu" adierazi zuen Alex Mariñelarenak podiumean. Espainiako Abiadura Txapelketak atseden hartuko du abuztura arte. Hurrengo lasterketa, 4.a, Albaceteko Zirkuituak hartuko du berriro, abuztuaren 8an. Mariñelarenak eta bere taldeak gogor jarraituko dute lanean, aurrean egon eta sailkapen orokorrean Ramosekin duten distantzia murrizteko.