Oscar Guerrero Tourrera

Guaixe 2013ko ekainaren 25a

Larunbatean, San Pedro egunean, hasiko da txirrindularitzako proba entzutetsuena: Frantziako Tourra. Dagoeneko 21 etapa dituen le grande bouclén arituko diren taldeek aurkeztu dituzte haien eskuadrak. Faborito nagusiak Froome, Alberto Contador, Alejandro Valverde, Purito Rodriguez eta Cadel Evans dira, besteak beste. Aste honetan esprinterrendako aproposak diren etapa azkarrak jokatuko dira, eta aurrerago iritsiko dira Alpeak eta Pirinioak, erabakigarriak izango direnak. Azken urteetan ohikoa zen Euskaltel-Euskadiko txirrindulari sakandarrak Frantziako errepideetan barna lanean ikustea, baina aurten ez da horrela izango, lau sakandarrak  - Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza - Giroan aritu zirelako, Samuel Sanchezen ezkutari lanetan. Eta ez dugu ukatuko txirrindulazaleoi pena pixkat ematen digula Tourrean sakandarrak ez ikustea. Ondoko txirrindulariek hartu dute Frantziako bidea: Igor Antón, Mikel Astarloza, Gorka Izagirre, Ion Izagirre, Juan José Lobato, Mikel Nieve, Juanjo Oroz, Rubén Pérez eta Romain Sicard. Alvaro Gonzalez de Galdeano eta Oscar Guerreroren aginduetara ariko dira. Ildo honetan, Guerrero altsasuarra Tourrean estreinatuko da kirol teknikari moduan.Igor Gonzalez de Galdeano managerraren hitzetan talde laranjaren helburua "etapa garaipen bat" lortzea izango da, berriki hil den taldeko masajistako Rufino Murgiari eskaintzeko. Izan ere, talde laranja jota dago Murgiaren heriotzarengatik. Galdeanok argi du Tourra Alpeetan erabakiko dela eta bertan ahal den guztia emateko prest azaldu da eskuadra laranja. Jakina, Pirinioetan bilduko diren zale euskaldunen aurrean ere ikuskizuna eskaini nahi du talde laranja. Movistarretik Erbiti eta ArrietaMovistar Team taldeak Frantziako Tourrera eramango duen bederatzikotea aurkeztu du: Alejandro Valverde liderra dela, Nairo Quintana, Rui Costa, Andrey Amador, Jonathan Castroviejo, Ruben Plaza, Ivan Gutierrez, Jose Joaquin Rojas eta Hiriberriko Imanol Erbiti izango dira murtziarraren laguntzaileak. Uharte Arakilgo Jose Luis Arrieta eta Jose Luis Jaimerena izango dira zuzendariak. Uhartearrak bikain zuzendu zuen taldea Giroan, bertatik 4 garaipen eta 9. Postu bat ekarriz. Tourreko helburuak "Valverderekin podiuma lortzea eta etapa garaipenak dira". Movistarrena talde oso sendoa da, Tourra irabazteko faborito nagusia den Sky taldeko Froome eta haren laguntzaileei gauzak zailtzen saiatuko dira.