Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Renfek jakinarazi digunez, Hego Euskal Herriko distantzia ertaineko trenen zerbitzua definitzen ari da. Konpainiak ziurtatu diguna da ez dela tren zerbitzurik kenduko; "dauden ordutegiak egokitu eginen dira". Beraz, Sakanan gelditzen diren eta Iruña eta Gasteiz lotzen duten tren zerbitzuak mantendu eginen dira. Tren konpainiatik azaldu digutenez, aldaketa hilaren 30etik aurrera emanen da. "Ordutegi doikuntza atzeratu egin da Hego Euskal Herriko tren ordutegiez aparte Errioxa eta Aragoikoak ere sartzen baitira". Renfetik ziurtatu digutenez, aldaketaren arrazoia da "zerbitzuak arrazionalizatzea, herritarren mugikortasuna bermatu eta tarteko geltokiek ibilbide luzeko trenekin loturak hobetzeko (Madril, Batzelona, Zaragoza, Valladolid...)". Maria Chivite senatari sozialistak gaiaz kezkatuta hainbat galdera luzatu dizkio Espainiako Gobernuari. Asteartean, bestalde, Nafarroako Parlamentuko Sustapen Batzordeak aho batez erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea Nafarroako aldirietako trenak kentzea eragozteko lan egin dezala. Talde sozialistak eraman zuen proposamena. Egituratu gabeTrenbidea Sakana zeharkatzen du baina urteak dira herri guztietan geldialdirik egiten ez duena. Gaur egun trenak soilik Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Altsasun gelditzen dira. Geltokia egon arren Izurdiagan ez da trenik gelditzen. Beraz, Aranaz edo Burunda aldetik Arakil edo Irurtzun aldera joan behar duenak beste garraio bide batzuk bilatu behar ditu. Gainontzeko herrietan geralekuak daude. Lakuntzakoa, Olatzagutikoa eta Ziordikoa erabili izan diren azken aldiak Nafarroa Oinez-etan izan da.