Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gauzak ongi garilaren 10ean zabalduko ditu ateak Urbasa Bioitza kanpinak. Sei hilabete itxita egon ondoren, hiru langile ari dira aste honetan berrezko garbiketa eta margotze lanak egiten. Datorren astean beste bi gehituko zaizkie lan horiek aurreratzea. Kanpina zabaltzen denean 15 pertsona ariko dira lanean. Eguraldiak lagunduko balu, gehiago izanen lirateke. Urbasa Bioitza kanpina zabaltzeko ardura Mendigorriako Errota kanpineko Ana Beriain Apestegia eta Etxarri Aranazko kanpineko kudeatzaile Floren Vicente Imazek hartu dute bere gain. Elkarlanean ariko dira. Kanpina hartzera bulkatu dituena kudeaketarako egokia izan daitekeen eta taldeak sortzeko gaitasuna duen pertsona opatu izana da. Hala aitortu digu Vicentek. "Distantziara kudeatzea zaila da, guk gure kanpinak ditugulako. Dugun eskarmentuarekin, guk irizpide batzuk emanen dizkiogu". InbertsioakHirugarren aldia da Vicente kanpin bat martxan jartzen hasten dena. 1992an Bioitza-Urbasa kanpina zabaldu zuen beste bazkide batekin eta 1995era arte han egon zen. 1996an Etxarri Aranazko kanpina zabaldu zuen. Urbasan egon izana, gogoa eta abentura izan dira erabakia hartzera bulkatu dutenak. Kanpinean hainbat gauza hondatuta daudela azaldu digu Vicentek. Galdara, berria, zenbait eraikinetako pilareak sendotu, kamara handi berriak... zerrendatzen hasi da. Horiek Nafarroako Gobernuak eginen ditu. Departamentuak ur ekarria hobetzeko lanak behar bezalako eginda daudela probatuko dute ere. Haiek ere zuraren egoera hobetzeko 2 urteko epe eman diote beren buruari. Kanpina martxan jartzeko 80.000 euroko inbertsioa eginen dute bi bazkideek eta hurrengo urteetan 120.000 euro gehiago jarriko dituzte, beti ere, balio erantsia eman nahian. "Ea uda ongi pasatzen dugun eta irailean kontserbazio plana eginen dugu" azaldu digu Vicentek. Etxarriko kanpinaz galdetuta, eguraldiagatik, denboraldia "oso txarra" izaten ari dela esan digu. "%40ko jaitsiera izan dugu. Eta igerilekuko txartelen %25 besterik ez dugu egin. Eta igerilekua da etxarriarrak eta kanpistak erakartzen dituena". Bigarren mailakoaKategoria hori du Urbasa Bioitza kanpina. 80.000 metro karratuko eremuan, taberna-jatetxea, egoitza, zerbitzuetarako bi eraikin, 14 bungalow, autokarabanendako 34 plaza eta kanpaldi librerako eremua ditu. Vicentek azaldu digunez, kanpinak natur parkearen erdian egotean, legediak hainbat muga jartzen ditu. Esaterako, karabana edo autokarabana bat ezin da 15 egun baino gehiago egon. Kudeatzaile berriek, hala ere, natur parkeak eskaintzen dituen potentzialtasunak baliatu nahi dituzte. "Etxarriko kanpina, igerilekuagatik eta, familiendako kanpina da. Urbasakoa, berriz, publiko adindun batendako da. Baita eros ahalmen handiagoa duenarendako. Hara joaten dena natura maite du", azaldu digu Vicentek. Horregatik, kirol jarduera txango eta bestelakoak sustatuko dituzte. Bestalde, Bioitzan natur eskola egon da betidanik eta programa hori eta Udalbidek udan eskainitako euskarazko egonaldiak ere berreskuratu nahi dituzte. Epe ertain luzerako plangintza horretan buru belarri irailean sartuko dira. Deialdiaz Nafarroako Gobernuak kanpina emateko aurreneko deialdia hutsik gelditu ondoren, bigarren bat egin zuen baldintzak aldatuta. Bi eskaintza aurkeztu ziren baina batek baldintzak betetzen ez zituenez, bi bazkideei 10 urterako (eta 5 urtez luzatzeko aukera). eman die gobernuak kudeaketa. Aurreneko urtean 12.000 euroko kanona ordaindu beharko dute, bigarrenean 24.000 eta hirugarren urtean 36.000 euro. Urtean gutxienez, Aste Santuan eta garagarrilaren 15etik irailaren 15era zabaltzea eskatzen du deialdiak.