Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, Nafarroako beste hainbatekin batera, antolatutako saria da Etxepare saria. Irudi eta testu labur osagarriak dituzten eta istorio bat kontatuko duten album sortzaileendako sariketa da. Epaimahaiak aurkeztutako 31 lanak aztertu ondoren Maite Mutuberria ilustratzaileak eta Leire Bilbao idazleak ondutako Gerrak ez du izenik albumak irabazi du. 5.000 euroko saria eta albuma Pamiela etxearekin argitaratzeko aukera lortu dute. Epaimahaikideen esanetan: Egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira atereaz: gosea, beldurra, tristura... Eta argazki errealez eta irudi marraztuez osaturiko planoez baliatu dira, hitzari arnasa eman eta kontrapuntu egiteko, bizi iraupenerako dei ozen bat osatuz, armoniaz beteriko album ilustratu honetan.