Galderak utzi ditu goi tentsioko lineari buruzko saioak

Guaixe 2013ko ekainaren 27a

Goi tentsioko linearen egitasmoa azaltzeko atzo Altsasura etorri ziren REEko iparraldeko delegatu Antonio Gonzalez Urkijorekin batera Nafarroako Gobernuko Iñaki Morcillo Irastorza (Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendari Nagusia), Pedro Zuazo Onangoitia (Ingurumen Kalitate Zerbitzuko Zuzendaria), Javier Aldaz Berruezo (Elikagai Segurtasun eta Ingurumen Osasun Zerbitzuko Zuzendaria) eta Arantxa Reinares Rodriguez (Lurralde Antolaketa Sekzioko Burua). Bezperan Lizarran egin bezala, Morcillok azaldu zuen Nafarroako Gobernuak Deikaztelu eta Itxaso arteko linearen alde dagoela. "Haize errotek sortutako argindarra ateratzeko beharrezkoa da egun dugun sarea indartzea". Espainiako Gobernuak argindar sarearen planifikazioan foru administrazioak linea hori mantentzeko eskaera egina duela argitu zuen Morcillok. Hizlariek egindako aurkezpenak aurko Nafarroako Gobernuaren web orrian jarriko dituzte, baita saio bakoitzeko akta ere. Galderak50 pertsonatik gora bildu zituen informazio saioak, gehienak plataformako kideak. Hizlariek protestengatik saioa eteteko mehatxua egin ondoren plataformako kideek aretoa utzi eta kanpo aldean prentsaurrekoa eman zuten. Gobernua herritarrak informatzera etorri beharrean argindar proiektua justifikatzera etorri zela salatu zuten. Egitasmoaren aurka dauden 216 toki erakundeen ordezkariak biltzeko eskaera egin ondoren haiekin ez biltzea salatu zuten. "Zein konfiantza izan dezakegu halako gobernuarengan?"Plataformako kideek zalantzan jarri zituzten gobernuko teknikariek egitasmoaren inpaktuari buruz prestatzen ari diren txostenak. "Zer pentsa daiteke haien buruak hura iragartzeko ekitaldietan parte hartzen badute?" Sakanan dauden 220 kV-eko lineako bat kenduko zela aurreratu zuen hasieran REEk, "baina udalekin egindako bileretan zergatik esan zen halakorik ezin zela zehaztu planifikazio berria onartu arte?"Horrek kaltetutako herritarrak ez ote dituen"erabateko defentsa faltan" utzi galdetu zuten. Foru gobernuak Iberdrolako akzioak erosi zituela eta galera handiak izan dituela nabarmendu ondoren galdetu zuten gobernuan Iberdrolak edo herritarrek agintzen ote duten. Nafarroako Gobernuak halako saioekin enpresa pribatu bati zergatik egiten dion lan zikina ere galdetu zuten plataformako kideek. "Egitasmoa duela bi urte aurkeztu zen, non egon zarete orain arte?" Bestalde, REEk egitasmoa argudiatzeko azken urteetan argudioak aldatuz joan dela salatu zuten. Linearen aurkariaren iritziz arazoaren gakoa da penintsula ezarritako potentzia 100.000 MW-ekoa dela eta gehieneko eskaera dagoenean sekula ez dela 44.000 MW-en muga gainditu. "Enpresek Itsason barna argindarra esportatu beharra dute. Enpresek milioiak irabazten dituzten bitartean, herriak ostrazismora zigortu dituzte".