Iruñeko Oberena kluba eta Doneztebeko Erreka kluba sailkatu ziren Herrien Arteko Pilota Txapelketako finala jokatzeko. Finalean bi klubak lau kategorietan lehiatu ziren: kimuetan, haurretan, jubeniletan eta seniorretan. Doneztebeko Errekarekin bi sakandar lehiatu ziren Joanes Bakaikoa etxarriarra, jubeniletan, eta Jon Gorriti uhartearra seniorretan. Kimuetan Oberenakoak gailendu ziren, 18-5, eta haurretan Doneztebek 14-18 hartu zuen menpean Oberena. Jubeniletan Doneztebeko Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Ruben Medinak 6 tantotan utzi zituzten Oberenako Aritz Jamar eta Javi Andueza, eta seniorretan 16 tanto egitearekin garaipena zuen eskura Doneztebek. Baina nahiz eta Doneztebeko Gaizka Bendoiro eta Jon Gorriti uhartearra 0-5 aurreratu, Oberenako Iñigo Diazek eta Iñigo Etxamendik partidari buelta eman eta 22-10 nagusitu ziren, partida eta txapelketa irabaziz. Bukaeran, eta lau partidetako tantoak batuz, 60-55 gailendu ziren Oberenakoak.