Euskal Herriko Nazioarteko erako Sega Liga: Bixente Mitxelena 4.a sailkatu da

Guaixe 2013ko uztailaren 1a

Igandean Euskal Herriko Nazioarteko erako Sega Ligako hirugarren eta azken saioa jokatu zen Azpeitian. Gizonezkoetan bakoitzak 100 metro karratuko saila moztu behar zuen. Igor Esnaola legorretarra izan zen jaun eta jabe. Azkar mozteaz gain, oso txukun ebaki zuen (2:37). Atzetik lehia oso estua izan zuten Altsasun bizi den Bixente Mitxelena segalari oiartzuarrak eta Jexuxmari Goenagak, baina azkenean errezildarra nagusitu zen, Mitxelena hirugarrena sailkatuz. Aurreko bi jardunaldietan garaile izan zen Joxe Gabirondo urduri aritu zen eta laugarrena sailkatu zen. Hala ere, aurreko bi garaipenei esker Gabirondok jantzi zuen txapela. Bere atzetik Igor Esnaola, Jexuxmari Goenaga eta Bixente Mitxelena sailkatu dira. Lehendabiziko hirurek lortu dute irailaren hasieran Hego Tirolen jokatuko den Europako Txapelketan aritzeko txartela.