Naiara Diez altsasuarraren UNB saskibaloi taldeari agur

Guaixe 2013ko uztailaren 3a

Kolpe latza jaso du Nafarroako saskibaloiak. Union Navarra Basket "UNB" Iruñeko saskibaloi taldeak agur esan dio bere ibilbideari, emakumezkoen maila gorenean, Liga Femeninan, zegoela, eta aurten finalerdietarako sailkatzear egon denean. Arrazoia diru falta da. Obenasa enpresa 6 urtez UNB taldearen babesle nagusia izan da, baina enpresak ezin izan du proiektua babesten jarraitu. Eta klubeko ordezkariek bukatutzat eman dute proiektua. Nafarroako Gobernuak ez Iruñeko Udalak ez diete ziurtatu datorren denboraldian diru laguntzarik jasoko duten eta hala bada zein izango den kopurua. Jakina denez, Gobernuak diru laguntzak heren bat jaistea erabaki du. Eta ezjakintasun horren aurrean, proiektua uztea erabaki dute "jarraitzea arduragabekeria litzatekeelako. Ildo honetan, argi dugu erakundeek hausrnartu egin behar dutela diru laguntzak emateko sistemaren inguruan, baldintzak, eta epeak berriro pentsatu behar direlako, guri gertatutakoa berriro gerta ez dadin" azpimarratu dute.. Pena handiarekin hartutako erabakia dela azaldu dute UNB taldeko ordezkariek. "Ilusio handiz lanean aritu garen 6 urte izan dira. Kirol lorpenez haratago, Nafarroako klub eta ikastetxe ia guztiak batu ditugu emakumezkoen saskibaloiaren inguruan. Gure kirola sustatu dugu Nafarroa osoan, eta gure kirolaren balioak helarazi: berdintasuna eta errespetua. Horregatik, oso harro gaude egindako lanaz" azaldu dute. UNB Obenasako jokalaria izan da, 4 denboralditan, Naiara Diez altsasuarra (29-01-1987. 1,78 m). Eskolta eta hegal moduan jokatu izan du altsasuarrak eta lan bikaina egin du. Jakina, erabakia penaz hartu du.  Naiara Diez: "Oso gogorra da taldeak pertsiana itxi behar izatea"Nola hartu duzu UNB taldearen desagerpena?Notizia ez da batere ona. Bagenekien gauzak ez zihoazela ongi, baina proiektua bertan behera geratu dela jakiteak mina ematen du. Krisia nabaritzen da, eta emakumezkoen kiroletan gehiago. Aurten Liga Femeninan sekulako denboraldia egin eta gero esan behar du taldeak agur.Seigarren postuan sailkatu gara eta play offetarako sailkatu gara, ia finalerdietarako sailkatuz. Taldekideen harremana oso ona da eta denboraldi bikaina egin dugu. Oso gogorra da halako egoera batean taldeak pertsiana itxi behar izatea. Kantxan irabazi duguna kendu digute dirua ez dagoelako. Instituzioek dirurik emango duten jakin gabe eta babesleak ez badira ateratzen... Krisia ere kiroletara heldu dela ikusten duzu. Baina aurrera segitu behar dugu, beste taldeak bilatu. Saskibaloian jarraitu nahiko zenuke?Bai, nire asmoa saskibaloian jarraitzea da. Ez dakit non edo zein taldetan baina jarraitzea. Zaila izango da, krisiak talde guztiei eragiten dielako, baina hurrengo denboraldian 1 edo 2. mailan jokatzea espero dut. Orain mugitzen ari gara, eta ikusiko dugu non bukatzen dugun. Bitartean ikasketekin jarraitzen duzu?Magisteritza bukatu dut eta orain Madrilen ikasketekin lotutako kurtsoak eta beste egiten ari naiz. Beti zerbait egiten...Zorte on!Eskerrik asko.