Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkenik, astelehenean jarriko da martxan hondakinak biltzeko sistema berria martxan. Beharrezko azpiegiturak jarrita, heldu den astetik aurrera sakandarren gehiengoak hondakinak etxean beste modu batera kudeatuko dituzte, gehiago birziklatzeko. Gaur egun ibarreko hondakinen %24,27 birziklatzen da, egungo legediak %50a eskatzen duenean. Sistema berriarekin kopurua hirukoiztu eta %80 birziklatzera iritsi da. Sakanako Mankomunitateak sustatu duen sistemaren bidez, hondakin organikoa sorlekuan bertan berreskuratzea bulkatzen da. Horretarako banatu dira konpostagailuak eta jarri dira auzo-konpostagailuak ere. Horrek hondakin organikoak jaso eta tratamendu plantetara eramatea galarazten du eta horrela garraioan, energian eta tratamenduan aurrezten da. Gainontzeko hondakinekin etxez etxeko bilketa eginen da. Hala eginen da Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Bakaiku, Urdiain eta Olatzagutian. Populazio txikiago duten herrietan, (Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena eta Ziordia) konposta egiteko bi aukeren batera ekarpen guneak jarri ditu Mank-ek. Haietara giltzarekin sartu eta hondakinak barruan dauden edukiontzietan utzi beharko dituzte. Irurtzunen, bestalde, 6 hilabeteko informazio aldia martxan dago. Altsasuko Udalak, berriz, herri galdeketa egiteko konpromisoa hartu zuen. 766.541 euroAurrekontu hori du sistema berriak. %37 konpostajeako gastuak estaltzeko, %36 etxeetako bilketarako eta %27 sistema mistorako. Aurrekontua Mank-en baliabideekin (379.541 euro) eta mailegu batekin (367.000 euro) estaliko da. Gainera, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak herrialdean konpost bidezko tratamendua diruz laguntzeko milioi erdiko diru-saila onartu du eta Mank-ek zati bat jasoko duela aurreikusten da.