Glenn Murcutt

Guaixe 2013ko uztailaren 12a

Gaurko honetan arkitekto australiar bat ezagutaraztea, ideia hona dela iruditu zait. Honek Glenn Murcutt du izena eta ez naiz bere bizitza kontatzen hasiko, baina uste dut, berak egin duen lana plazaratzea oso interesgarria dela, hemendik aurrera arkitektura arloan urrats zuzenak emateko.  Arkitektoontzat oso ezaguna da Murcutt 2002. urtean Pritzker saria irabazi baitzuen (arkitekturako nobel saria). Honen lana ezta bistarentzat ikusgarria den zerbait, Bilboko Guggenhemin museo edo Balentziako zientzien hiria izan daitekeen bezala, baina honek ez du esan nahi arkitektura txarragoa egin duenik. Gainera honek enkargu handiak ezeztatu ditu bere bizian, berak duen filosofia arkitektura zuzena eta xumea delako. Esaterako, bere bulegoan bizpahiru langile soilik daude, deseraikuntza  proiektatzen duen bulego bilaka ez dadin. Esan dudan bezala, Glenn Murcutt australiarra da eta berak diseinatutako eraikinak  bertako klimara egokitu behar izan ditu. Nekazal borden formak  hartu  eta etxebizitza bilakatu ditu paisaian integratuz. Material tradizionalak erabili izan ditu eta leku bakoitzeko  funtzio bioklimatikoak bete izan ditu. Beraz, arkitekto australiar honek eginiko eraikuntzek sinpletasuna eta efizientzia daramatzate, baina, hala ere, adierazkortasun handikoak dira. Izan ere,  zonalde bakoitzeko argiak, haizeak, klimak, espazioak, flora eta faunak, forma ematen diete bere eraikin guziei. Funtzionalismo ekologiko deitzen dio berak bere lanari. Bukatzeko, guk horrelako maisuak erreferentzitzat  izan behar genituela pentsatzen dut kalitatezko eraikuntza efizienteak burutzeko. Adibide gisa oso atsegin ditudan  "Marika-Alderton" etxebizitza eta Arthur eta Yvonne Boyd arte zentroa ipiniko ditut. Andoni Igoa