Euskaltelen jarraipena airean

Guaixe 2013ko uztailaren 10a

Abuztuaren 31rako babesleren bat aurkitu ezean, akabo Euskatel-Euskadi taldearen ibilbidea. Horrela azaldu zuten atzo talde laranjako arduradunek. "Krisiaren eraginez, erakundeek ezin dute ordaindu taldearen aurrekontuan dagokien zatia -3,5 milioi euro - , eta proiektuak ezin dio eutsi orain arteko ereduari" zihoen Euskaltelek zabaldu zuen prentsa oharrak. Larri dago talde laranja, eta taldeak irauteko beste babesle bat aurkitzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten. Bestela, akabo. Euskaltelek 4 urterako du World Tourreko lizentzia lortuta, 36-40 milioi euroko aurrekontuarekin. Diru arazo larriekin egin zioten denboraldiari, eta aurten Euskaltelek hartu du bere gain erakundeei zegokien zatia. "Euskaltelek 3,5 milioi euroko ekarpena egiten du urtero, eta aurten 7 milioikoa egingo du. Baina Euskaltelek soilik ezin dio eutsi proiektu honi. Egoera hau ez da bideragarria" aipatu dute talde laranjatik. Horrela, 3,5 milioi euro jarriko dituen babesle indartsu baten bila dabiltza. "Urte hasieran hasi ginen babesle bila, etxean lehenengo, eta mundu guztian gero" adierazi zuen Basque Cycling Pro Team taldeko zuzendari Mikel Astorkizak Euskadi irratian. Baina krisi egoeragatik gauzak oso larri daudenez, momentuan ezinezkoa izan da. Baina, momentuz, ez da ezer gauzatu eta proiektua kolokan dago.Taldean lau txirrindulari sakandar daude: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza. Horretaz gain, Oscar Guerrero altsasuarra talde laranjako kirol zuzendarietako bat da eta Ibai Jimenez altsasuarra masajista da.