Aritz Goñi Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako finalera

Guaixe 2013ko uztailaren 11

Asteazkenean Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen Iruñean, sanferminetako herri kirol programazioaren barruan. 9 aizkolari lehiatu ziren, uztailaren 28an Elizondon jokatuko den finalerako 5 txartel lortzeko helburuarekin: Iker Vicente, Joxean Etxeberria, Migel Angel Etxeberria, Oier Kañamares, Esteban Pikabea, Mieltxo Mindegia, eta hiru sakandar, Aritz Goñi etxarriarra eta Josu eta Mikel Agirre arbizuarrak. Bi kanaerdiko erdititu behar zituzten. Hiru multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak. Guztien denborak kontuan hartuta Iker Vicente izan zen azkarrena (4:36),16 urterekin probako errekorra gaindituz. Mieltxo Mindegia 2.a sailkatu zen (4:58), Migel Angel Etxeberria 3.a (5:41), Joxean Etxeberria 4.a (5:55) eta Aritz Goñi etxarriarra 5.a (6:03). Lehendabiziko bost sailkatu hauek finalerako txartela lortu zuten. Atzetik sailkatu ziren Oier Kañamares (6:41), Mikel Agirre (8:00), Esteban Pikabea (9:21) eta Josu Agirre (10:17). Arbizuarrak ez ziren finalerako sailkatu.