Nafarroako Gazte Plana zuzentzeko eskatu dute teknikariek

Guaixe 2013ko uztailaren 10a

Nafarroako Parlamentuak berriki aho batez onartu du Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak aurkeztutako Gazteria Plana. Nafarroako Gazteriaren Zerbitzuetako profesionalek, tartean Altsasuko Blanki Torresek, ez dute egokitzat jo plana. Zergatia eman gabe Nafarroako Gazteriaren Institutua desagertzen dela salatu dute teknikariek. Erakunde independentea izan beharrean kirol alorreko zuzendariordetza bat bihurtzean "kuantitatiboki eta kualitatiboki pisua" galdu zuen. Teknikariek salatu dutenez, Nafarroako Gazteriaren Plana "sortzailetasun gutxikoa, zorroztasunik gabea eta bat-batean egina iruditzen zaigu, eta, gainera, ez dago koordinatuta gazteriaren zuzendariordetzarekin, behar den bezala". Aurrekonturik ezean, Torresek eta gainerakoek galdetu dute zer diru eta langile baliatuko dituzten Gazteriaren Plana garatzeko. Gaineratu dutenez, Udalek jarduera, ekipamendu eta langileendako jasotzen zituen diru-laguntza guztiak desagertu dira. Aurretik murrizketak egin direla eta Gazteriaren Udal Zerbitzuen jarraipena zalantzan gelditu daitekeela nabarmendu dute. Gazteriarako politika globalik ez dagoela ere salatu dute teknikariek eta gogorarazi dute krisiak gazteak gogor jo dituela: "langabezia, hezkuntza erreforma eta zerbitzu eta baliabide eza pairatu behar dituzte".