Beste hainbat arlotan murrizketak egin dituzte, ingurumen sailaren unea iritsi da

Guaixe 2013ko uztailaren 11

Erkuden Ruiz BarrosoBi sakandarrek lan egiten dute Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN) enpresa publikoan: Asun Berastegi arbizuarrak eta Jon Zufiarre urdiaindarrak. Hilabeteko negoziaketak ez du ezertarako balio bi sakandarrek azaldu dutenaren arabera. Hilabete luzea eta gogorra izan da Berastegi eta Zufiarrendako. Nafarroako Gobernuak negoziazio txarra egin duela adierazi du Berastegik. Gidoi bat jarraitu dutela esan du Zufiarrek. Emaitza gogorra izan da: Zufiarre kaleratze gutunaren zain dago eta Berastegi hurrengo urteko kaleratzeen zerrendan dago. Aurretik hartutako erabakia zela azaldu du Berastegik: "diru pixka bat ateratzeko enpresa publiko hau murriztu zezaketela pentsatu dute". Garagarrilaren 7an jaso zuten langileek enplegua erregulatzeko espedientea. Espedienteak 65 langile kaleratuko zirela zioen. Arrazoiak dira antolakuntza eta kudeaketa irizpideak jarraituta ekonomikoki okerrera egin duela enpresak; 2012 eta 2013 urteetan diru sarreretan jaitsiera izan dela. Egoera orokorra erabiltzen du gerentziak ekonomikoki gabeziak daudela ziurtatzeko Berastegik azaldu duenaren arabera: "korporazioa hartu dute datu horiek egiteko. Nahiko nahasia da dena. Izan ere, gure arloa ongi zihoan, baina enpresa horretan beste hainbat daude, Los Arcos-eko zirkuitua esaterako. Batzuk zor handia dute, beste batzuk diru funtsekin-eta aurrera egin dezakete". Sarreren jaitsiera %15ekoa izan dela gaineratu du. Gerentziak datuak haien nahietara maneiatzen dituela adierazi du Zufiaurrek. NegoziazioazLangileak laster hasi ziren borrokan. Greba hasi zuten, baita mobilizazioak, protestak eta idatziak egunkarietara ere. Langileen eta gerentziaren arteko negoziazio prozesua hasi zen. Langileak elkartu ziren eta 65 proposamen egin zituzten, hurrengo urtean diru-sarreretan jaitsiera handiagoa izanez gero aurrera egin ahal izateko. "Ez zituzten proposamenak baloratu ezta entzun ere egin", esan du Berastegik. "Gainera, gerente bati gauzak nola egin behar diren esatea ez dute batere ongi hartzen", gaineratu du Zufiarrek. Hortaz, negoziazio luzea izan dela onartu dute. Gerentziatik ez zuten urratsik eman negoziazio prozesua bukatzeko zorian zegoen arte. "Azken bi egunetan proposamen berri bat aurkeztu zuten; hartu edo utzi egin behar genuen", azaldu du Zufiarrek. Nafarroako Gobernuak azken unean proposatutako baldintzen artean hasiera batean 52 kaleratze egotea eta beste txanda batean 23 izatea zegoen. 25 egun lan egindako urte bakoitzeko kalte-ordaina eta sei hilabete buruan lana ez aurkitzekotan 33 egunera igoko zena. "52 kaleratze gehiegizkoa iruditzen zitzaigun ere, gainera, hurrengo urtean lan gabe egon behar zirenen kalte-ordainean igoera txiki hori izateko", azaldu du Berastegik. Proposamenean ere 2014 urtean kaleratzeak izatea aurreikusten zen. "Ez dizute inolako bermerik ematen". Jarritako baldintzak zirela eta langileek ez zuten proposamena onartu.  Nafarroako Gobernutik egindako proposamena ez dutenez onartu, negoziazio prozesua amaitutzat eman da eta aurkeztutako lehenengo espedientea onartu da; hortaz, GAN enpresako 65 langile kaleratu dituzte. Haien artean Zufiarre dago. Berastegi hurrengo urteko kaleratzeen zerrendan dago: "datu ekonomikoek okerrera egiten badute kalera joan naiteke ere". Gobernuaren 2014ko aurrekontuen menpe geratzen dira. "Esan digutenez egoerak okerrera egingo du, baina aurrekontuak ez daki inork nolakoak izango diren; ezin dute aurreikusi nolakoa izango den hurrengo urtea". Aurrera jarraitzeko arazoakNafarroako ingurumena kudeatzen dute enpresa horretan. Zufiaurrek Urbasa-Andia natur-parkean lan egiten zuen eta Berastegik biodibertsitate arloan. Plantilaren %55 kaleratu dute, beraz, enpresaren jarduera kolokan jartzen da langileen ustetan. "Ez dakigu nola jarraituko duten aurrera. Agian jendeak ez du nabarituko, baina geratzen diren langileek bai". Proiektu berriak martxan jarri edo zenbait proiekturen balorazioak egin behar dituzte, besteak beste. Lankideek izan duten elkartasuna goraipatu dute Sakanako langileek. Hasieratik elkarrekin egon ziren, eta horrek negoziazioarekin aurrera egiteko indarrak eman dizkie. "Kaleratzeen zerrenda jaso genuenean ez genuen irakurri ere egin, denok batera aritzeko". Lan-magistratuaren aurreko gatazka kolektiboa hasiko dute.