"Tratu onak erlazionatzeko era berezi bat da, beste pertsonaren duintasuna baloratzen den harreman mota bat, bestea kontuan hartzen duena eta besteen beharrak enpatiaz ulertzea". Hala azaldu digu Ainhoa Iparragirrek. Burunda Mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako langileak azaldu digu eskualdean adin txikikoekin lan egin eta erlazioa duten profesionalek sare bat osatu dutela: "modu ezberdin batean erlazionatzen ikasi behar dugulako. Arazoak era egokian konpontzen ikasi. Sarean lan eginez gero, leku guztietatik garrantzia emango zaio, eta mezu berdina jasoko dute adin txikikoek eta gizarte osoak".
Sareko kideen iritziz, "gizarte osoa gara haurren ongizatearen arduradun, ez bakarrik guraso edo tutoreak". Sarea osatzearen ondorioz, Burunda mendebaldeko profesional guztiek lan metodologia jakin bat jarraitu dute, elkarlanean. Iparragirrek azaldu digunez, sarearen egitekoak dira: "batetik, arrisku egoeran dauden haur eta familiekin lan egitea eta kasu zehatzetan partehartzea. Eta, bestetik, prebentzio eta promozio ekintzak sustatzea".
Zergatia eta prestakuntza
Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen mankomunitateak 2011ko garilean familia programa jarri zuen martxan. Han jasoa zegoen sarearen beharra eta sarea sortzeko hezkuntza, osasun arloko eta gizarte zerbitzuko teknikariak elkartu ziren, aurretik zuten koordinazioa elkarlana bihurtu da egitasmoa aurrera eramateko. Aurreneko bileraren ondoren, sarea haur eta nerabeekin lan egiten duten beste arlo batzuetara zabaldu zuten.
Joan den urteko maiatzean, sarea martxan jartzeko, Burlatako tratu onen sustapen sareko teknikariekin prestakuntza saioak jaso eta sarea eratu zen. Ordutik prestakuntzan eta irizpideak bateratzean sakondu dute sareko kideek (urteko saio bat aurreikusten dute) eta pixkanaka praktikan jartzen ari dira, esaterako: Altsasuko Udan Euskaraz programako begiraleei tratu onei buruzko saio bat eman zitzaien; aisialdiko begiraleei zuzendutako prestakuntza saioa...
Sarea martxan jartzearen ondorioz, profesionalen artean gaiarekiko "sentsibilitate gehiago dago. Profesionalen arteko harremana biziagoa da, informazio gehiago jasotzen dugu alde guztietatik". Talde bultzatzailea asanbladan hartutako erabakiak aurrera eramateko lan egiten ari da.
Sareko kideak
Zelandi ikastetxe publikoa, Domingo Bados ikastetxe publikoa, Iñigo Aritza ikastola, Sagrado Corazón ikastetxea, Txioka haur ikastola, Txirinbulo haur eskola, Altsasuko kirol teknikaria, Altsasuko berdintasun teknikaria, Altsasuko gazte teknikaria, Altsasuko ludotekako arduraduna, Olatzagutiko kultur teknikaria, Altsasu, Olatzagutiko eta Ziordiako liburuzainak, inmigrazio teknikaria, Emakumearen arreta zentroko hezitzailea, Altsasuko udaltzainak, Osasun Zentroa eta Gizarte Zerbitzuak.
Antolakuntza
Hiru maila daude. Asanblada sarean dauden profesional guztiek osatzen dute. Talde bultzatzailea asanbladan hartzen diren erabakiak aurrera eramaten dituen taldea da. Kasuko taldean kasu jakin batean parte hartzen duten profesionalak egonen dira.