Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garagarrilaren 27an hasi behar zena, eguraldiak atzeratu eta, azkenik, astelehenean hasi da. Birziklatzea handitu eta berrerabili ezin daitezkeen hondakinen bilketa kopurua handitzea du helburu Sakanako Mankomunitateak martxan jarri duen sistema berriak. Atez ateko hondakin sistema bilketa berria Uharte-Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Iturmendin, Bakaikun, Urdiainen eta Olatzagutian ezarri da. Sistema mistoa, berriz, Arakilen, Irañetan, Arruazun, Ergoiena eta Ziordian ezarri da. Momentuz kanpoan gelditu dira Irurtzun eta Altsasu, ohiko bilketarekin segituko dutenak.Edukiontziak pixkanaka kaleetatik desagertzen hasi ziren: astelehenean Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen; asteartean Urdiainen eta Olatzagutian; asteazkenean Arbizun, Bakaikun eta Iturmendin eta atzo Lakuntzan eta Arbizun. Edukiontziak kaleetan segitzen zutela ikusita, hainbatek orain arte bezala hondakinak haietara bota zituzten. Aitor Karasatorre Muguruza presidenteak esan digunez, "ederki dakigu denbora pixka bat beharko dela sistema berriek behar bezala funtziona dezaten". Edukiontziak kentzearekin batera sakandar batzuen artean ezinegona sortu zen, egiaren ordua iritsita bereizketa ongi egiten ote zuten edo haien baldea ez zela jaso (halakoak arratsaldez jaso zituzten). Horren ondorioz, argibide eske Mank-era egindako telefono deiak ugaritu egin dira. Beste ondorio bat izan da, hasieran izena emanda ez zeuden denda batzuk ere izena eman dutela edukiontziak ez daudela ikusi ondoren. "Heldu den astean dena normalizatzea espero dugu" azaldu digu Adolfo Araizek, Mank-eko gerenteak. Aitzindariak Nafarroan Karasatorrek ukitutako sakandarrei eskatu die lehendabiziko egunetik erakuts zezatela gaikako bilketaren aldeko apustua errealitate bat dela eta emaitzen hobekuntza aurreneko unetik hasiko dela. Presidenteak nabarmendu du atez atekoa Nafarroan ezartzen den aurreneko aldia dela. "Horregatik, udalerri horietako herritarrek erakutsi ahal izango dute badela hondakinak gaika biltzeko beste modu bat eta sistema horrek herritarrei etxean bertan egiteko eskatzen dien lana ingurumenaren alde izan behar duten inplikazioaren erakusgarri baino ez dela". Hondakinen bilketa sistema berria martxan jarrita "birziklatzearen alde, hondakindegietan botatzen diren hondakin kopuruw murriztearen alde eta erraustegien desagerpenaren alde izugarrizko aurrerapausoa" eman dela aipatu dute Mank-en. "Sakandarrak laster harro sentituko dira eskualdean ezarriko diren hondakinen bilketarako sistemez, Nafarroako mankomunitate eta herriendako eredu bilakatuko baitira". KontraUharte Arakilen sistema berriaren kontrako 180 sinadura aurkeztu zituzten aurreko astean. "Inposiziotzat" jo zuten sistema berria eta galdeketa eskatu zuten. Aurretik Irurtzunen 600 sinadura jaso ziren eta Arbizun 258 sinadura bildu ziren. Olatzagutiko zenbait etxeetako leihoetatik protesta moduan zabor poltsak zintzilik daude. Bilketa egutegia da!Mank-ek zortzi herrietako etxeetan banatu duen egutegiak astegun horretan kamioiek jasoko dutena adierazten du. Beraz, bezperako 20:00etatik aurrera atera daiteke egun bakoitzari dagokion hondakina. Esaterako, igandean eta asteazkenean iluntzean materia organikoa atera beharko da, astelehen eta ostegunean jaso dezaten. Ontzi arinak astelehen eta ostegunetan atera beharko dira asteartetan eta ostiraletan jasotzeko. Asteartean papera atera beharko da asteazkenetan bildu dezaten eta, azkenik, ostiral gauean errefusa utzi beharko da larunbatean biltzeko. Ordenantza berriaAstelehenean egindako batzarrean Mank-ek hondakinen inguruko ordenantza berria onartu zuen. Araizek azaldu digunez, legediak mankomunitateak hilaren akabera baino lehen ordenantza berria onartzera behartzen ditu. "Nafarroako Gobernuak eta Ecoembesek proposatutako eredua egokitu dugu Sakanarako, indarrean dauden hiru sistemak bere baitan hartuz" argitu du Araizek. Gobernuak eta birziklatze enpresak eredu horretan hondakinak egoki ez bereizteagatik zigorrak jartzea erabaki zuten, falta arin, larri eta oso larriak jasoz. Karasatorrek aurreratu duenez, behin eta berriro araua hausten duenari jarriko zaio halako zigorra. Bestalde, Mank-ek astelehenean erabaki zuen ontzi arinen bilketarako Nafarroako Gobernuak eta Ecoembesek sinatutako hitzarmenari atxikitzea. Orain arte Mank-ek zuzenean sinatzen zuen hitzarmena enpresarekin, baina orain Nafarroa guztirako hitzarmen bakarra izanen da. Araizek esan digunez, jasotako ontzi kopuruagatik Ecoembesek gutxiago ordainduko du, "baina hondakin bilketa sistema berriarekin ontzi arin gehiago bilduko ditugunez gehiago kobratzea espero dugu". Hondakin bilketa sistema berria finantzatzeko Mank-en beste diru iturri bat Nafarroako Hondakin Partzuergoaren konpostatzea sustatzeko hitzarmena da. Milioi erdiko diru-poltsa onartu du partzuergoak eta Mank-ek 200.000 euro jasotzea espero du, hari atxikimendua azaldu ondoren. InformazioaUharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Olatzagutian zabalik daude informazio bulegoak. Hondakinak biltzeko sistema berrira egokitzeko materiala jaso ez dutenek handik pasatzea besterik ez dute. Argibideak eskatzeko edo zalantzak argitzeko 900 730 450 telefonora hots egin daiteke. Bestalde, Interneten www.sakana-mank.com/hondakinak blogean, www.facebook.com/sakanamank eta www.twitter.com/sakanamank sare sozialetan informazioa eskuratu daiteke. Baita info@sakana-mank.com e-postaren bidez ere. Gora beherakAurreko asteko asteazken gauean Uharte Arakilen, Mendikoan, auzo-konpostagailu bati su eman zioten eta txikituta gelditu zen. Hurrengo egunerako berria jarrita zegoen. Baina Mank-ek Foruzaingoan salatu zuen gertatutakoa. Bestalde, Urdiango festetan hondakinez betetako baldeak uzteko hainbat zintzilikariodun zutoin hautsi zituzten.Edukiontziekin zer?Zortzi herrietako kaleetatik kendutako edukiontziak Sakanako lantegietan banatuko ditu Mank-ek. Lantegi bakoitzaren barruan edukiontzi urdin, hori eta berde bana izanen da. Enpresa bakoitzeko edukiontziak identifikatuta egonen dira.750 kiloHondakin organiko jaso zen atzo Etxarri Aranatzen, "purutasun nahiko onekoa" ziurtatu du Araizek. Egunetik egunera gero eta hondakin organiko gehiago biltzen ari direla ere gaineratu du.