Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Alemaniako Moto GP Sari Nagusia jokatu zen Sachsenring zirkuituan, Munduko Txapelketako proba. Gonbidatu edo wild car bezala Alex Mariñelarena aritu zen (Targobank Motorsport, Suter). Asteburukoarekin, Aragoiko taldearekin lehiatzen den pilotu irurtzundarra hirugarren aldiz aritu zen Munduko Txapelketako proba batetan, eta helburua esperientzia hartzea zen. Tamalez, Alexek ez du zortea alde izan, erorikoa izan baitzuen lasterketako hirugarren itzulian. "Asteburu oso konplikatua izan da. Ez genuen zirkuitua ezagutzen eta mundialean Dunlop gurpilak erabiltzen dituzte, guk ezagutzen ez ditugunak, Michelin etxekoak erabiltzen ditugulako. Horregatik, motorra puntuan jartzeko arazoak izan ditugu eta horrek asko zaildu dizkigu gauzak" adierazi du Alex Mariñelarenak. Entrenamenduetan lurrean bukatu zuen irurtzundarrak, eta lasterketan baita ere. "Hirugarren itzulian, helmugara sartzeko bihurgunean, atzeko gurpila joan egin zait eta lurrean bukatu dut. Lasterketa bukatzea gustatuko litzaidake, munduko onenekin aritzea primerako ikastaro azkarra delako eta segundo bakoitza urrea delako, baina ezinezkoa izan da. Baina esperientzia hartzeko helburuarekin etorri ginen eta horrekin gelditzen naiz. Hemen egon ahal izatea oso zaila izan da eta, alde horretatik, zorionekoa sentitzen naiz" gaineratu du pilotu irurtzundarrak. Targobank Motorsport taldeko Raul Millan managerrak gaineratu duenez, Alemaniara etortzearen helburua "Alexek esperientzia hartzea" zen, aurretik ibili ez den zirkuitu konplikatu batean eta munduko onenekin batera. "Alexendako asteburu gogorra izan da, hainbat erorketa izan baititu, baina pilotu handia da eta ziur esperientzia honi alde positiboa aterako diola" azpimarratu du managerrak. Helburua: Espainiakoa irabazteaTargobank Motorsport taldearen helburua Alex Mariñelarenak Espainiako Abiadura Txapelketako Moto 2 maila irabaztea da. Egun sailkapen orokorrean Roman Ramos da liderra (85 puntu), Alexen aurretik (66 puntu). Lau lasterketa geratzen dira, irailetik aurrera jokatuko direnak, eta zorte onena opa diogu irurtzundarrari.