Rubiok eta Larrañagak Ehunmilak gogorra despeditzea lortu zuten

Guaixe 2013ko uztailaren 17a

Oso oso gogorra. Horrelakoa da Ehunmilak ultra trail proba. Beasain irteera eta helmuga duen mendi lasterketa ostiralean abiatu zen. 268 korrikalarik hartu zuten irteera eta mendiz mendi 168 km eta 11.000 metroko desnibel luze eta gogorra zituzten aurretik. Besteak beste, Izazpe, Erlo, Ernio, Txindoki eta Aizkorri mendiak gainditu behar izan zituzten. Probak berezko duen gogortasunari eguzkia eta berotzarra gehituta, Ehunmilak proba infernu bilakatu zen. Horren isla, 268 korrikalarietatik soilik 81 heldu ziren helmugara. Imanol Aleson azkoitiarra izan zen azkarrena, ibilbidea egiteko 23 ordu lanean egon eta gero. Haren atzetik joan ziren iristen, gutxika, 168 km-ak osatu zituztenak. Emakumezkoetan Nerea Martinez iruindarra gailendu zen (28:07:57), bestalde, aipatzekoa da Patxi Rubio eta Arantzazu Larrañaga uhartearrek proba despeditzea lortu zutela, 39 ordu baino gehiago lan eginez. Rubio 74.a izan zen (39:11:02) eta Larrañaga 75.a (39:11:15). Tamalez, proban irteera hartu zuten beste sakandarrak erretiratu egin behar izan ziren. Jone Pelaezek Amezketan utzi zuen proba, 21 ordu t´erdiko denbora zeramanean. Javier Ignazio Gonzalezek ere toki berean utzi zuen proba, 22 ordu lanean zeramatzala. Jose Julian Lopezek 22 ordu pasa zituela utzi zuen proba, eta Francisco Javier Rodriguezek, aldiz, 4 ordu pasa zeramatzanean. Iradi Goierriko 2 HandietanEhunmilak probarekin batera, Goierriko 2 Handiak proba laburragoa prestatzen dute, 88 km eta 6.500 metroko desnibela). Helmugara iritsi ziren 233 korrikalarietatik Iñaki Catalan nagusitu zen (11:05:07). Hainbat sakandarrek hartu zuten parte, baina soilik Jorge Iradi altsasuarrak lortu zuen proba despeditzea (18:00:07), 118. postuan heldu eta gero.  Gomez 10.a SoraluzenSoraluzek II. Iñaki Ruiz Mendi Lasterketa hartu zuen igandean, 21 km-ko mendi lasterketa. 167 korrikalarik hartu zuten parte eta Oier Ariznabarreta izan zen azkarrena (1:35:32). Altsasuarrak aurrean izan ziren. Francisco Javier Gomez 10.a heldu zen helmugara (1:50:40), Juantxo Arregi 19.a (1:57:42) eta Juan Carlos Gomez 66.a (2:11:25).