Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketa antolatu du Kontseiluak

Guaixe 2013ko uztailaren 17a

Bigarren aldiz antolatu du Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketa. Izen bereko dinamikaren baitan kokatzen den ekimena da. "Film laburren bidez euskaraz bizitzeko nahia irudikatzea da lehiaketa honen helburua", esan du Kontseiluko komunikazio buru Saioa Rodriguezek. Bestela esanda: herritarrei euskaraz bizitzeko arrazoiak eskaintzea; euskaraz bizi nahi duten herritarrek pairatu behar dituzten egoerak agerian uztea eta horiek eragiten dieten egonezina erakustea; euskaraz bizitzea erabaki dutenen adorea eta jasotzen duten elkartasuna erakustea edo etorkizuna irabazteko euskaraz bizi nahi dut pentsamendua iraultzailea dela erakustea.Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, aurkezpenean esan duenez, "bizitzea ez da ikastea bakarrik edo familiarekin hitz egitea, euskaraz bizitzea edo zinea ikustea ere bada, eta kirola egitea, eta lan egitea, hedabideak erabiltzea, medikuarenera joatea, salerostea... Esnatzen garenetik oheratzen garen arte pertsona baten ohiko jarduerak euskaraz egitea da euskaraz bizi nahi izatea. Eta euskaraz bizitzeko nahi hori hedatzen hasi gara, eta ikusgarri egiten. Izan ere, pentsamendu aldaketara baldin bagoaz, zeinek bere moduan erakutsi behar du euskaraz bizitzeko nahia". Irabazleek dirutan jasoko duten sariaz gain, Donostiako Zinemaldian eta Hendaia Film Festival-en egingo diren jendaurreko emanaldiak izango dituzte sari eta litekeena da, ondoren ere, beste zinemaldi edo zinema-aretoetan ere ikusgai egotea. Oinarriak www.euskarazbizinahidut.org webgunean ikus daitezke.