Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urdalurko uraz ibarreko ahalik eta herri gehienen hornidura bermatzeko sarea zabaltzeko egitasmoa martxan du Sakanako Mankomunitateak. Aurreko urtean sarea Lakuntzatik eta Ihabarrera luzatzeko lanak eman zituen Mank-ek. Eguraldiagatik lan horiek behar baino gehiago luzatu dira eta garagarrilaren 25ean despeditu ziren. Hala ere, Mank-ek Construcciones Legarra Lazkoz enpresari azken lan txiki batzuk egiteko eskatuko dio. Lanek 1.021.047 euroko aurrekontua izan dute (895.000 euro Nafarroako Gobernuak eta 126.047 euro Mank-ek). Urdalurko ura Irurtzunera eraman ahal izateko beste 7 bat kilometro luzatu behar da sarea. 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa litzateke. Baina Mank-ek ezin du halako lanik bere bizkar hartu Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik gabe. Foru administrazioak tokiko inbertsioen azken lau urteko plana luzatu egin du eta deialdi berria egin arte Mank-ek ezin du azken zati horretako lanetarako diru-laguntzarik eskatu.