Haurrak Aralarko aingeruaren aurrera

Guaixe 2013ko uztailaren 19a

Igandekoa egun berezia izanen da Aralarko santutegian, 12:30eko mezan Aralarko San Migeli haurrak aurkeztuko baitzaizkio. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak hamargarrenez antolatu duen ekitaldian, gurasoak lagunduta, adin guztietako ume eta haur koxkorrak aurkeztuko zaizkio aingeruari. Haren bedeinkapena jaso eta irudia gurtzeko aukera ere izanen dute.Kofradiatik azaldu dutenez, "zeremonia honen xedea haur horiek San Migel eta bertako ohiturak maitatzea eta hau bezalako zeremonietara eta bestelakoetara etortzea da, Kofradiarekin sortutako harreman horri eutsiz".Elizkizuna despeditu ondoren, kofradiako kideek haur bakoitzari bere izena duen pergamino bana emanen diete, San Migelen Lagun izendatuz eta bizi guztirako bere babesa eskatuz. Ostegunera arte izena eman dutenek jasoko dute oroigarria, igandean bertan santutegian agertzen direnak bi aste itxaron beharko dute jasotzeko.