Despeditu da Tourra. Sky taldeko Chris Froome izan da garailea, meritu guztiekin. Mendian, erlojupekoan, etapa azkarretan... guztietan moldatu da bikain Froome eta probako jaun eta jabe izan da. Berarekin batera, Movistar Team taldeko Nairo Quintana izan da Tourreko beste sorpresetako bat. Bere taldekide Valverdek gurpil apurketa baten ondorioz sailkapen orokorrerako aukera guztiak galdu ondoren, gora egin zuen kolonbiarrak. Bigarrena sailkatu da, 4:20ra, eta, horretaz gain, etapa bat irabazi du, gazteen sailkapen orokorrean lehena izan da eta mendiko maillota eskuratu du. Zalantzarik gabe, pozik egoteko arrazoi asko ditu Movistarreko entrenatzaile Jose Luis Arrietak, Rui Costak beste bi garaipen eman dizkiolako taldeari. Taldearendako ere lan izugarria eginda itzuli da Hiriberriko Imanol Erbiti. Sailkapenena 118.a izan da Erbiti, 3:19:12ra. Joaquim Rodriguez izan da hirugarrena, 5:04, Alberto Contador gainditu eta gero. Pintokoa 4.a izan da, 6:27ra. EuskaltelEuskaltel-Euskadik ez ditu txirrindulari sakandarrak eraman aurtengo Tourrera. Sakandarrak Giroan aritu ziren, Samuel Sanchezekin. Ziurrenik Espainiako Vueltan lanean ikusiko ditugu. Talde laranjarekin egon zen sakandarra Oscar Guerrero zuzendari altsasuarra izan da eta taldeak egindakoarekin konforme egoteko arrazoiak baditu. Mikel Nieve 12.a izan da sailkapen orokorrean, 20:01era, eta mendiko maillota lortzeko borrokan ibili da. Mont Ventouxeko etapan hirugarrena izan zen leitzarra, Tourreko debutean maila bikaina emanez. Euskaltelekoak ihesaldietan lehian ikusi ditugu baina, tamalez, talde laranjak ez dute helburua lortu, etapa garaipen bat lortzea. Eta horrek ez du batere lagunduko taldeak bizi duen egoera zaila. Jakina denez, beste babesle bat lortu ezean, Euskaltel taldearen jarraipena airean dago.