Goi tentsioko linearen kontrako 12.000 alegazio

Guaixe 2013ko uztailaren 23a

Erakusketa publikoan dagoen alternatibaren egokitasun faltagatik Espainiako Industria eta Energia Ministerioak "negatiboki informa" dezan eskatu dute, baita Ingurumen Ministerioak Ingurumen Baimenik eman ez dezala ereAutopista elektrikorik ez! plataformak ostiralean Espainiak Nafarroan eta Gipuzkoan dituen gobernu ordezkaritzetan Deikaztelu eta Itsaso lotuko lituzkeen 400 kV-eko linearen kontrako 12.000 alegazio aurkeztu zituen. Alegazioak sinatu dituztenek goi tentsio linearen "legitimazio falta" salatu dute. Horrekin batera, beste hainbat aspektu: ingurumenari eta osasunari eginen lioken kaltea, etorkizuneko garapen aurreikuspenekin bateraezintasuna edota justifikazio falta.  Haien sinatzaileen artean zeuden: proiektuak eragiten dien herritarrak, udalak, kontzejuak, baserritarren elkarteak, ehiztarienak, turismo bulegoak, kontsortzioak, partzoneriak eta beste askotariko entitate eta elkarte batzuk. Plataformatik adierazi zutenez, "inoiz ez dira hainbeste alegazio aurkeztu proiektu baten aurka. Erantzuna masiboa eta plurala izan da". Aurretik ere kontrako ekimenakPlataformatik gogora ekarri dute aurretik 216 udalek eta kontzejuk mozio bidez egitasmoa erretiratzeko eskatu dutela. Altsasuko Adierazpenaren bidez toki administrazioen eskaera bera egin zuten hainbat arlotako pertsona esanguratsuk. Maiatzaren 15ean, bestalde, 173 alkatek eta toki erakundek Industria eta Energia Ministerioari eskatu zioten proiektuarekin aurrera ez egitea eta jendaurrera ez ateratzera 2014-2022 planifikazio elektrikoa onartu arte. Azken eskaera horri ez zioten kasurik egin. Azkenik, garagarrilaren 16an, 39 herritan (Arakilgo 6tan) herri-galdeketak egin ziren eta ezezkoa nagusitu zen.