Areto futbolari bultzada berria Sakanan

Guaixe 2013ko uztailaren 23a

Irurtzungo Xota areto klubari lotutako Leandro Fernandez jokalari ohi eta entrenatzaileak, berriki www.deportesnavarra.es enpresaren bidez Futsal Sakana 2013-2014 areto futbol txapelketa antolatu du, hainbat entitateren laguntzarekin: Uharte Arakilgo Udala, Lacturale, eta guaixe.net. Helburua Sakanan afizionatuen areto futbol txapelketa indartzea da "azken aldian behera egin duelako. Horregatik, eta munduko ilusio guztiarekin, areto futbol liga hau sortu dugu Sakanan, hainbat arrazoi direla medio ohiko areto futbol taldeetan aritu ezin diren afizionatuek non aritu izan dezaten" adierazi digu Leandro Fernandezek. Fernandezek gaineratu duenez, "nahi dutenek eman ahal dute izena: herriko koadrilek, lagun koadrilek... inportanteena areto futbolean aritzeko ilusioa da". Futsal Sakana I. Sakanako Areto Futbol Txapelketa irailean hasiko litzateke eta maiatzean despeditu. Ligaren ondoren, Sakanako Kopa jokatuko litzateke. Partidak Uharte Arakilgo frontoian jokatuko dira, astean barna 20:30etik aurrera, asteazkenetan eta ostiralean bereziki, eta igandetan goizeko 10:00etatik aurrera, izena ematen duten taldeen arabera, eta ez da ez arbitraje eta pista gasturik egongo. BaldintzakTalde bakoitzak 15 jokalari, entrenatzailea eta delegatua izan beharko ditu eta talde bakoitzak 1.200 euro ordaindu beharko ditu txapelketan parte hartzeko (izena ematea www.futsalsakana.es orrian). Bertan federatu gabe dauden jokalariendako asegurua jasotzen da. Lesioren bat izanez gero, adostutako klinika batera joateko aukera izango du kaltetutakoak. Izena ematearekin batera, talde bakoitzak ondokoa jasoko du: jokatzeko ekipazioa (Joma etxeko kamiseta, praka eta galtzerdiak), Xotaren partida guztiak ikusteko lau bono eta Umbro etxeko 3 baloi, txapelketako partidak jokatzeko. Bestalde, liga hasita ere jokalari berriak sartzeko aukera izango dute taldeek. Abuztuaren bukaeran bilera egingo dute antolatzaileek eta izena ematen duten taldeek, txapelketako egutegia, araudiak eta beste zehazteko. SariakLigako txapeldunak 1.200 euro eta trofeoa eskuratuko ditu eta txapeldunordeak 400 euro eta trofeoa. Horretaz gain, gol gehien sartzen dituen jokalariak, pitxitxiak, saria jasoko du eta baita gol gutxien jasotzen dituen atezainak ere. Kiroltasun handien duen taldeak 250 euroko saria jasoko du, kirol materialean. www.futsalsakana.esTxapelketako informazio guztia, araudia eta izena ematea barne. Facebook eta twitter sare sozialetan baita ere. Harremanetarako: Leandro (670 595 098 telefonoa) edo info@futsalsakana.es.