Udalerri euskaldunetan osasun zerbitzua euskaraz bermatzeko eskatu du UEMAk

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk biltzen dituen udalerrietako oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatearen berri eman du, familia mediku eta pediatrena hain zuzen. UEMA barruan dauden Arbizu eta Etxarri Aranatzen kasuan, familia mediku euskaldunak daude, baina ez pediatrak. UEMAtik nabarmendu dutenez, "haurren ia %100 euskalduna den eremuan, pediatrek ez du haurrek egunerokoan darabilten hizkuntzarik ezagutzen". UEMAk Osasunbidearekin bilera egin zuen udalerri euskaldunetako egoeraren berri eman, eta gutxiengo batzuk adosteko helburuz; eta egia da bilera sintonia onean joan zela eta egindako eskaerak egokia iruditu zitzaizkiela. "Baina herritarrek hori baino zerbait gehiago behar dute. Hitzetatik ekintzetara pasatzea. Eta hori ez da gertatzen ari dena" salatu dute UEMAtik.Mankomunitateko ordezkariek nabarmendu dutenez, "Osasunbideak bere burua euskalduntzeko planik ez du, ez eta aurrera begira egiteko asmorik ere; beraz, sortzen diren arazoei irtenbidea bilatzeko oinarrizko arazoak topatzen dituzte eta topatzen jarraituko dute. Horrela, Nafarroako udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak urratuak dira, etenik gabe". UEMAk herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko Osasunbidearekin harremanetan segitu eta elkarlanean aritzeko prest azaldu da.