Langabetuak aktibatzeko programa martxan

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Hilaren 17an Altsasuko enplegu bulegoak SNEINN programari buruzko bi informazio saio hartu zituen. Haietan langabezian dauden 24 gizon-emakume sakandarrek parte hartu zuten. Irailaren 6an programari buruzko beste informazio saio bat eginen da enplegu bulegoan eta interesatuek hantxe jaso dezakete informazioa. Programan parte hartzeko garaian hautagaien ikasketa maila eta mentalitate pasibotik-aktibora pasatzeko nahia eta gogoa izango dira. Behin informazio saioak despeditu ondoren, hautagaien artean 15 eta 20 pertsonako talde bat osatuko da. Haiek aurretik 4 hilabeteko prozesua izanen dute. "Eginez ikasi" metodologiaren bidez eta talde lana indartuz, "langabetuen artean mentalitate aldaketa bat sortzea da helburua, jarrera pasibo batetik, jarrera proaktibo eta ekintzaile batera aldatzeko". Josune Prietoren azalpenak dira, Mondragon Team Academy, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultateko Ekintzailetasun Unitatea eta MIK Ikerkuntza eta Kudeaketa zentroko kidearenak. Proba pilotuaPrietok azaldu digunez, saioetan parte hartu zuten langabetu gehienek 22 eta 44 urte bitartean zituzten. Haietako askok unibertsitate ikasketak zituzten eta, beste batzuek maila ertainekoak. Nork bere burua aurkeztu ondoren, programan parte hartzeko arrazoiak eman zituzten. SNEINN programaren eta prozesuaren inguruko galdera zehatzak egin zituzten. Prietorekin batera Begoña Ugarte eta Jon Etxeberriak Ermuan, Markinan eta Leioa/Getxon langabetuekin izandako esperientzien berri eman zieten. Azken hauen ustez, langabeek SNEINN programan "aukera berri bat ikusi zuten"Mondragon Team Academyk Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren (NEZ) laguntzaz martxan jarritako programa. NEZek Sakana aukeratu du programa estreinakoz eskaintzeko, baina etorkizunean Nafarroako beste eskualdeetara eta gainontzeko erkidegoetara zabaltzeko aukera izan daiteke. "Baina horretarako Sakanako SNEINN programaren emaitzak ezinbestekoak izango dira eta beharrezkoa izango da sakandar langabetuek programa hau aukera gisa ikustea eta 4 hilabeteko prozesuan konprometiturik azaltzea" esan digu Prietok.