Eskola-eraikinetan beharrezkoak diren inbertsioak egiteko ekarpen handiagoa eskatu diote gobernuari

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Zelandi ikastetxe publikoaren teilatuan dauden itajurak konpontzeko premiazko eskaera egin zion Altsasuko Udalak Hezkuntza Departamentuari. Horrekin batera, ikastetxeko perimetroa itxitura berritzeko lanak egiteko laguntza ere eskatu zuen udalak. 60.000 euroko aurrekontua duten lanetarako 6.456,92 euro besterik ez ditu eman Nafarroako Gobernuak. Kopuru horrekin teilatuan zer egin aztertuko du udalak. UPN eta PP ez beste, udaleko gainontzeko talde guztiak Nafarroako Gobernuari "exijitu" diote "diru-laguntzen deialdiko kopurua handitzeko, Altsasuko eskola-eraikinetan beharrezkoak diren inbertsioak egin ahal izateko". Gogora ekarri dutenez, "Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan lanak eta hobekuntzak egiteko diru-laguntzak Nafar Gobernuaren ardura dira, bere betebeharra dira, eta inondik inora ere ez udal eta kontzejuena". Prentsaurrekoan izan zirenak nabarmendu zuten Zelandi eskolak "premia larria" duela bertan inbertsioak egiteko, "Udalak hori partxe bidez estaltzea ez da konponbidea, kalteei modu prekarioan erantzutea baino ez da hori". Haur Eskola barrakoietan dagoela behin-behinean gogorarazi zuten"horrela jarraituz gero, aurreikusten zen Haur Eskola proiektua ez da behin ere gauzatuko". Agerraldian izan ziren Zelandi eskolako zuzendari Toñy Lopez, guraso elkarteko buru Yoli Otxoa, Garazi Urrestarazu alkatea eta zinegotziak: Ruben Imaz (Bildu), Cristobal Lanz (NaBai), Braulio Salvador (PSN) eta Arturo Carreño (IU-EB).