Amaia da hasiera

Guaixe 2013ko uztailaren 26a

Udaberria euripean eta negu giroan iragan bada ere, azkenik uda eta eguzkia ailegatu dira eta haiekin batera Guaixe! aldizkariak atsedena hartzeko unea. Gogotik egin du lan urte osoan zehar eta behar-beharrezkoa zaio etena. Urtearen zikloari bukaera eman behar zaio, berriz ere, indarberriturik beste aro bati hasiera emateko.Urte honetan gorabeherak handiak bizi izan ditugu eta, oker egon nahiko nuke, etorkizunean biziko ditugunak ere ez dira makalak izango, maleziak ez baitu oporrik hartzen. Sarabeko azken jentilak oso ongi zekien hau. Jakintsua zen oso eta bere gorpuzkera, bere jakituria bezain handia zen: labeetan erabiltzen diren horietako pala batez igo behar zizkioten betazalak izarrak ikus zitzan. Jentilen Sukaldeko bere txokoan azken hatsa botatzear zelarik hauxe esan zuen: "giza jendearen arraza hil da, eta zakur jendearena gailendu da". Nolako arrazoia zuen gure arbasoak!Ez gara hemendik joango luzaroko. Hemen egongo gara beti  gure herriak gordetzen dituen altxorrak zaintzeko.  Barandiaranek zioen bezala, Urbasak urrez beteriko kutxak gordetzen ditu. Gure mendi eta leize zuloetan altxor miresgarriak daude. Ia-ia lur azalean daude, haien gainetik bazkatzen ari diren ardiek berek desestal litzakete, oharkabean, haien hanka apatxekin. Dena da urrea eta urrezkoa gure Sakana maitean: Marik Altsasuko Odabeko leizean gordetzen dituen astalkaia eta orrazia; zazpi euskal ahizpatxo birjinetako bi sakandar, Erkuden eta Aitziber; Laieneko haitzeko Jentileioan dagoen jentil gaztearen adatsa apaintzen duen orrazia; eta, bereziki eta gauza guztien gainetik, gure ibarreko jendearen bihotza.Halere, kontu handiz ibili behar dugu zakur jendeak oparitu nahi digun balizko urreaz. Ez dakigula gerta, ez, Putterrin zegoen artzainari suertatu zitzaiona.  Zaldi zuri eder baten gainean zetorren zaldun bat agertu zitzaion galdetuz ea non zegoen leku hartako kobazuloa.  Artzainak zehaztasun guztiak eman eta zaldunak, sari gisaz, urrezko txanpon bat oparitu zion; baina, zalduna desagertu zen bezain laster urrezko txanpona hauts bilakatu zitzaion artzain gaixoari.Urrea agindu eta hautsa eman... Zenbat usteldu, zenbat ustelkeria, zenbat lapur, zenbat diru ostu diguten, Irumugaatako mugarria balitz bezala. Burunda eta Ataunen arteko mugan zegoen harri hura. Hiltzean, mugarria ostu zuenaren arima herratua basoan zebilen infernuko zigorraren beldurrez oihukatzen:Irumugaatako mugarriaNere animaren galgarriaNon sar, non sar?Eta handik pasa zen sakandar batek esan zion: Sartu atera duzun lekuan!Guztioi agur t’erdi esaten dizuegu, bihar arte, ikusi arte. Atsedena hartuz, altxorra hobeto zaintzera goaz. Ongi izan! Uda on-ona pasa!Juankar Lopez-Mugartza