Gobernuak bere asmoen berri eman du natur parkeko patronatuko bileran

Guaixe 2013ko uztailaren 31

Astelehen arratsaldean bildu zen Urbasa-Andiako natur parkeko patronatua. Erakunde hori Nafarroako Gobernuko ordezkariak, inguruko udal eta mankomunitateak, larreen batzordea, abeltzainen sindikatuak, ehiztari elkarteak, elkarte ekologistak eta turismo arloko eragileak biltzen ditu. Bilera Bioitza kanpina zabaldu denean eta Iruñeko festen ondoren deitu zuen Nafarroako Gobernuak, udan, ordezkari ugari oporretan daudenean.Aurtengo egitasmoakLanda Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Jose Javier Esparzak eta bere taldeak 2011n eta 2012an natur parkean egindako jardueren berri errepasatu zuten. Horrekin batera, aurten 347.336 eurorekin eginen dituzten lanen berri ere eman zuen kontseilariak. Inbertsio horren zatirik handiena, %64,5, abeltzaintzarako azpiegituretara eta larreak antolatzera bideratuko da. Besteak beste, Las Santas, Gortasoro, Lezamen, Marmol, Behekosare eta Fuentefría iturri edo iturburuak konponduko dira. Horrekin batera, Marmolko baltsa iragazkaiztu eginen da eta Urbasa eta Limitazio artean langa kanadarra jarriko da. Baso lanei dagokienez, mozketak egiteko zuhaitzak markatu eginen dituzte. Horrekin batera garbiketa lanak eta barrutien itxiturak errepasatuko dituzte. Aldi berean, natur parkeko basoen ordenazio proiektuaren errebisioa eginen du departamentuak. Horrekin batera, erabilera publikoko planaren barruan, natur parkeko hesiak eta altzariak zein egoeratan dauden aztertuko dute. Andiako pagoak kimatzearekin batera anfibioendako putzuak sortu edo berreskuratuko dituzte. Azkenik, ugatza, miru gorria, bertako karramarro eta putreen jarraipena eginen da. Bisoi eta ipurtatsen populazioaren laginketa ere eginen du departamentuak. Aurreko bi urteetako jarduna2011n eta 2012an 890.260 euro bideratu zituen Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andiako natur parkerako. 2011n larreen 10 urterako ordenazio plana onartu zuen. Bi urte horietan ere Ilusiar, Balsaroia, Beriain, Larraga, Eskiza edo Urguntzera ura eramateko lanak egin ditu departamentuak. UrederraIturburuak urtetik urtera gero eta bisitari gehiago hartzen  ari da eta horrek ingurumenean eta kontserbazioan kalteak sortzen ditu. Baita logistika arazoak Ameskoan. Horregatik, Nafarroako Gobernua natur erreserbara sartzeko modua arautzea aztertuko du. Joan den urtean iturburua 73.806 pertsonek bisitatu zuten, 2006an 37.209 zirenean.