Nafarroako komikiaren IV. Azoka

Guaixe 2013ko irailaren 6a

Ikasturte berri bat hastear dago eta jada laugarren urtez jarraian Nafarroako komikiaren azoka antolatu du TIZA elkarteak. Laugarren urtea bai! Jaun-andreok, honek serioa izateko bidea darama! Irail osoan zehar, Iruñeko Ziudadelan, armen aretoan izango ditugu erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak, lehiaketak... Denak, noski, komikiaren inguruan.Aurtengo jardunaldiko kartela Alfonso Zapikok egina da (2012. urteko komiki sari nazionala jaso zuen), eta bertan James Joyce eta Ernest Hemingway dira protagonistak.Programan azpimarragarrienetarikoen artean, Zapiko komikigile eta ilustratzailea izango dugu mahai inguru batean, James Joyceri buruz hitz egiten Dublinés bere komikia dela eta. Nahiz eta beste zenbait lan garrantzitsu ere egin dituen, (hala nola Café Budapest famatua) Dublines komikia izan zen sari nazionala lortzeko gakoa.Beste gonbidatu batzuk ere izango ditugu:Mikel Janín: Iruñean jaioa, DC argitaletxerako lan egiten du gaur egun. Superheroien munduaren inguruko marrazkigilea da eta beste lan batzuen artean JLA 80 Page Giant 2011  eta Flashpoint: Deadman & the Flying Graysons lanetan ibili da jo ta ke. Edmond Badouin: Nizan jaioa, artelanak ikasi zituen nahiz eta gero  kontabilitate lanean aritu. Azkenean berriro bueltatu zen marrazkigintzara eta gaur egun bere lanek sari ugari jaso dituzte, hala nola Angoulemeko gidoi hoberenaren saria (bi urtetan, 1992 eta 1997) edota Sierre hiriko komiki hoberenaren saria.Dario Adanti: El jueves aldizkarian lan egiteagatik ezaguna delarik, orain dela gutxitik ere beste aldizkari satiriko batean ere lanean dihardu, Mongolia izeneko aldizkarian.Myriam Cameros: Artista multidiziplinarra izanik, komiki eta animazioa ere landu ditu sakonki. Bere lanik garrantzitsuenak telebistarako, publizitatean eta egunkarietan burutu ditu. "La cenicienta que no quería comer perdices" liburuaren marrazkiak egin ditu eta jada 30.000 ale saldu dira, izan ere, liburua Brasilen eta Turkian ere argitaratu da. Katalanez eta euskaraz ere aurkitu daiteke liburua.Egun bakarrean soilik hurbiltzen bazarete Ziudadelara, saiatu Irailaren 21ean gerturatzen. Irailaren 21a komikiaren festa bataiatu du TIZA elkarteak azokaren ekintzen artean eta programazio berezia izango du. Abiapuntua toki beraizanda, hau da, Zidadelaren armen aretoan, zenbait ekintza berezi burutuko dira.Programazioaren barruan, besteak beste, komiki eta liburu azoka izango da egun osoan zehar. Eguerdi aldera (11:30ean hasita), haurrentzako komiki lehiaketa antolatuko da eta goizean 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara, karikaturak marraztuko dira zuzenean.Iruñera gerturatu behar bazarete Irailean, ez ahaztu parke zoragarria dela Ziudadela, bai irakurtzeko, paseatzeko edota hiriko giroa alde batera utzita lasaitzeko. Eta behin bertan zaudetela egin bisitatxo bat  armen aretora, ez zarete damutuko!Jose Luis Asensio