Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Itzulian lehiatzen ari dira talde profesionaletan dabiltzan txirrindulari sakandar guztiak. Samuel Sanchez, Mikel Nieve eta Igor Anton babestea da Euskalteleko txirrindulari sakandarren lana. Talde laranjaren desagerpena dela eta triste daude Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Jorge Azanza eta Pablo Urtasun, baina profesional bikainak izanik, dena ematen ari dira Espainiako Itzulian. Etorkizunari begira ere duten guztia erakutsi beharko dute, beste taldeetan sartzeko aukera gehiago izateko. Txanponaren beste aldean dabil, berriz, Movistar Team taldean dabilen Imanol Erbiti txirrindularia. Hiriberriarra Vuelta irabazteko faboritoetako bat den Alejandro Valverde liderraren esanetara dago. Atzo sekulako erakustaldia eman zuen Katushako Dani Morenok, Jaengo Valdepeñaseko murruan sekulako erasoa jo eta gero. Helmugan 4 segundo atera zizkion Valverderi eta Purito Rodriguezi. Sailkapen orokorran lidergoa eskuratu zuen aldi berean Morenok. Roche segundo batera, Nibali 20 segundora eta Valverde 22 segundora ditu. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 59.a da, 23:59ra; Gorka Verdugo 63.a, 26:27ra; Jorge Azanza 109.a, 52:05era; Imanol Erbiti 145.a, 1:06:47ra eta Pablo Urtasun 182.a, 1:22:54ra. Gaur Alto de Hazallanas portu bereziaren gainean despedituko da etapa. Etapa inportantea da, sailkapen orokorrean ziurrenik eragina izango duena.