Alonsoren dei gorria

Guaixe 2013ko irailaren 3a

Astelehenean twitter, facebook, sare sozialak eta komunikabideetako egoitzak aztoratu zituen Fernando Alonsoren erabakiak: 1 Formulako pilotuak Euskaltel-Euskadi taldearen lizentzia erosi duela azaldu zuen Euskaltelek web orrian. Twitter bidez eta bere web orrian azalpenak emanez berretsi zuen albistea Fernando Alonsok. Sare sozialetan berehala mota guztietako komentarioak eta iritziak agertu ziren. Euskaltel-Euskadi taldeak taldearen biziraupena ziurtatzeko bigarren babesle bat lortzeko lanak ez zuen fruiturik eman eta talde laranjak abuztuaren 20an azaldu zuen 2014an ezingo zuela jarraitu. Izan ere, instituzioetatik azaldu zieten ezin izango zutela aurretik talde laranjari ematen zioten diru laguntza ematen jarraitzea, eta Euskaltel telefonia enpresak ezin zuen bere gain aurrekontu osoa hartu, 7 milioi euroko ekarpen minimoa eskatzen duen proiektua, hain zuzen. Horregatik, "egun oso tristea" zela adierazi zuen Euskaltelek. "Izugarri atsekabetzen gaitu ez enpresarik ez erakunderik ez agertu izanak munduko eliteko txirrindularitzaren aitzindari izan den talde honen aldeko apustua egiteko prest" adierazi zuten orduan. Euskalteleko sakandarrakBerriak taldeko txirrindulari, zuzendari, mekanikari, masajista eta laguntzaile guztiak talderik gabe eta lanik gabe utzi zituen. Triste zeuden bertan ari diren Sakanako lau txirrindulariak, Egoi Martinez etxarriarra, Gorka Verdugo etxarriarra, Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza etxarriarra. Baita ere talde laranjako Oscar Guerrero kirol zuzendari altsasuarra, eta Ibai Jimenez masajista altsasuarra. Etorkizuna beltza ikusten zuten guztiek. Hala ere, profesional bikainak izanik, talde laranjaren 2013ko egutegia beteaz lanean jarraitu dute guztiek, Espainiako Vueltan Samuel Sanchez liderraren ezkutari eta babesleak diren Martinez, Verdugo, Urtasun eta Azanza, eta Hanburgo aldean eta beste egutegietan kirol zuzendari lanetan Oscar Guerrero. Astelehenean Fernando Alonsok Basque Cycling Pro Team, Euskaltel-Euskadi taldea kudeatzen duen elkartearen lizentzia erosi duela jakin arte. Berria lehertu zenetik, lanean jarraitzeko esperantza dute sakandarrek. Aurre akordioaEuskaltel enpresak eta Fernando Alonsok aurre akordioa lortu dute, eta datozen egunetan itxiko dute behin-betiko akordioa. 1 Formulako pilotuak bere web orrian azaldu duenez, Euskaltel-Euskadiren egiturari eustea da proiektu berriaren asmoa. Baina, sorpresarik ez badago, litekeena da taldeak beste izen bat edukiko duela talde berriak. Alonsok oharrean argi utzi duenez, "gutxinaka haztea nahi dugu, txirrindulari onenak gehituz. Nazioarteko proiektu batera jauzia ematea" da helburua. Samuel Sanchez egongo da proiektuaren oinarrian, Alonsoren lagun-mina eta herritarra dena. Igor Gonzalez de Galdeanok jarraituko du manager lanetan, eta taldearen egoitza berria Asturiasen egongo dela aurreikusten da, nahiz eta Galdeanok, momentuz, halakorik ukatu. "Mundu osoan erreferentzia izan nahi dugu" gaineratu du Alonsok, eta horrek etorkizunean taldearen egitura dezente alda daitekeela pentsarazten du. Sare sozialetan barra-barra dabiltzan komentarioak aintzat hartuta, askok etorkizunean Alonsoren lagun mina den Alberto Contador taldean ikusten dute ere. Baina horiek iritziak dira momentuz. Euskaltelek 2006era arteko World Tour lizentzia dauka eta ordura arte goi mailan egoteko aukera duen taldea erosi du Fernando Alonsok. Txirrindulariek jarraituko duteEgun kontratua duten 14 txirrindulariei eta taldeko langileei eustea da proiektu berriaren asmoa. Samuel Sanchezek, Mikel Nievek, Igor Antonek, Mikel Landak, Ion Izagirrek, Romain Sicardek, Egoi Martinezek, Gorka Verdugok, Juanjo Lobatok, Garikoitz Bravok, Jon Aberasturik, Pello Bilbaok, Ruben Perezek eta Miguel Minguezek daukate kontratua Euskaltel-Euskadirekin. Horietako asko beste talde batzuekin hizketan hasita zeuden dagoeneko, eta ikusi egin beharko da zein erabaki hartzen duten orain. "Eurek nahi badute, behintzat, taldean jarraitzeko aukera izango dute", adierazi du Galdeanok. Eta gainontzekoekin hitz egitekotan omen dira. Alonsoren oharrean gaineratzen denez, "gardentasuna eta 0 tolerantzia" izango dira taldearen oinarri nagusiak.Euskal zaleei eskerrak eta zale izaten jarraitzeko deia"Akordioa lortzeko prestutasunagatik" eskerrak eman nahi izan dio 1 Formulako pilotuak Euskaltel enpresari, eta "euskal zaleekin" gogoratu da Alonso. "Momenturik zailenetan taldearen ondoan jarraitu dutelako. Aurrerantzean ere orain arteko pasio berberarekin jarraitzea gustatuko litzaidake" nabarmendu du asturiarrak. Euskaltel pozikEuskaltelen iritziz "zoragarria" da albistea, "aurrera jarraitzeko bermea emango diolako tropeleko talderik beteranoenari". Basque Cycling Pro Team elkartearen presidente Mikel Astorkizak Alonsok emandako pausua txalotu du ere. "Diskrezio handiarekin aritu gara hizketan. Aurrera egitea zen helburua eta lortu dugula ematen du" gaineratu du. Halaber, nabarmendu du lortutakoa "aurrea kordioa" dela. Hortaz, taldearen izena zein izango den, etorkizuneko asmoez... hitz egiteko "goizegi" dela adierazi du. Izan ere, egitura guztiaren jabe egin da Alonso, eta kontratuak, lizentziak eta beste daude atzean. Hurrengo egunetan argituko dute guztia. Samuel Sanchez pozik azaldu zen. "Gaurko albistea da garaipenik onena, ez guretzat bakarrik, txirrindularitzarentzat eta kirol munduarentzat ere bai. Fernando Alonsok beste enpresa eta babesleak erakarri ditzake" aipatu zuen Euskalteleko lider asturiarrak. Jorge Azanza txirrindulari altsasuarrak albistea "handia eta sekulakoa" dela nabarmendu duBere aldetik, talde berrian manager izaten jarraituko duen Igor Gonzalez de Galdeanok nabarmendu du Alonso "oso konprometituta dagoela proiektu honen proiekzioarekin, garenarekin. Gutxinaka hazi nahi du. Euskal txirrindularitzarekin konpromiso bat du". Txirrindulari euskaldunak saltoa emateko plataforma kolokanEuskadi Fundazioaren eta harrobiko txirrindularien etorkizuna da airean dagoen kontuetako bat. Denboraldi honetan dagoeneko bakoitza bere aldetik ari dira lanean Euskaltel eta Euskadi Fundazioa. Eta ikusteke dago talde berriarekin aukerarik izango duten euskal txirrindulariek txirrindularitza profesionalera pausoa emateko. Horregatik, Euskadi Fundazioaren jarraipena inoiz baino beharrezkoagoa da. Fundazio horrek azken 20 urteetan egindako lanari eskerk, makina bat txirrindulari euskaldunek lortu dutelako txirrindulari profesional izateko ametsa betetzea. Alonso, txirrindulari zale amorratua1 Formulako munduko pilotua txirrindulari zale amorratua da eta pasioz bizi du txirrindularitza. Bere ohiko entrenamenduetan bizikletak toki garrantzitsua du eta munduko txapeldun izandakoak zirkuitu bakoitza zehatz-mehatz aztertzeko, bezperan bizikletan egiten du beti lasterketako ibilbidea. Lagun asko ditu txirrindularitzan, Alberto Contador eta Samuel Sanchez esaterako, eta sarritan aitortu izan du pilotu izango ez balitz ziurrenik txirrindulari izango litzatekeela.