Euskaltegi garaia da

Guaixe 2013ko irailaren 5a

Ikasturte honetan nafar helduak euskalduntzera animatzeko Subete al modelo e y avanza con el euskara-Euskararekin aurrera leloa aukeratu dute Nafarroako Euskara Zerbitzuek. Joan zen urtean aukera hori egin zuten 3.000 nafarrekin, mintzalagunek eta euskaldunek osatzen dugun komunitatearekin bat egiteko gonbitea da luzatu dutena. E eredua markapean ari diren euskaltegiek "esperientzia zabala eta metodologia garatua erabiltzen dute, irakaskuntza eredu eraginkorra izanik". Euskara teknikariek azpimarratu dutenez, "euskaltegiek egiten duten lan arrakastatsua eta gizarteari eskaintzen dioten ezinbesteko zerbitzua adin, jatorri eta klase orotako milaka herritar euskalduntzen, euskaraz mintzatzeko aukerak eta guneak sortzen, erabilera bultzatzen, eta kulturaren ikuspegitik aberasten". Euskaltegietako lanak gizartearen onerako dela nabarmendu dute, "elkartasuna, elkarlana eta lankidetza, berdintasuna, kulturartekotasuna moduko balioak lantzen direlako". Baina helduen euskalduntzeak ez dizkio soilik gizarteari onurak ekartzen. Pertsonari, "parametro laboral edo ekonomikoez harago, norberaren zein komunitatearen bizitzari aldaketa handiak eta hobekuntza nabarmenak dakarzkio". Eta norbanakoek jasotzen dituzten onurak ere zerrendatu dituzte: "autokonfiantza eta autoestimua sendotzea, gehiago ikasteko grina piztea, jarrera aldatzea eta ikuskera zabaltzea, parte hartzeko eta konpromisoa hartzeko gogoa sortzea, ongizatea hobetzea, gaitasunak garatzea, harremanak handitzea... Azken finean, bizitzan aurrera egitea". SakananAEK-ren Itsasi euskaltegian izena emateko azken eguna hilaren 20a da. Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakian dago euskaltegia. Bestela, 607 624 392 telefonora hots egin daiteke. Edo sakana@aek.org helbidera idatzi. Ibarreko hiru herri handienetan emanen ditu AEK-k klaseak, baita taldea sortzen den beste edozein herrietan ere. Diru-laguntzak Mank-eko Euskara Zerbitzuak euskara ikasten lagunduko dizu euskara ikasleendako diru-laguntzen bidez. Mank-ek, gutxi gorabehera, matrikularen %50eko diru-laguntza ematen du (beti ere, eskaera kopuruaren arabera). Langabetuek diru laguntza handiagoa jasotzen dute. 2012-2013 ikasturtean 91 eskaera jaso dira. Informazioa nahi duenak Euskara Zerbitzura jo daiteke: 948 464 840 eta 948 464 867 edo euskara@sakana-mank.com.