Pirinioetan ditu begiak jarrita Euskaltelek

Guaixe 2013ko irailaren 6a

Atzo Espainiako Vueltako 12. etapa jokatu zen. Etapa nahiko laua zen, esprintean erabaki zena. Munduko txapeldun Philippe Gilbert nagusitu zen esprinter guztien artean. Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik eta erlojupekoan lidergoa eskuratu zuen Nibali da lider, Roche 31 segundora, Valverde eta Horner 46 segundora eta Joaquim Rodriguez 2:33ra dituela. Samuel Sanchez 14.a da, 6:38ra. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 53.a da, 42:35era; Gorka Verdugo 62.a, 49:48ra; Jorge Azanza 85.a, 1:10:19ra; Imanol Erbiti 124.a, 1:31:41ra; eta Pablo Urtasun 168.a, 1:57:35ra.Asteburuan Pirinioetako etapa gogorrak iritsiko dira eta Euskaltelek han ditu jarrita esperantzak. Etapa garaipenen bat lortzea da talde laranjaren helburua, eta Samuel 3-5 postuetara igotzea. Hortaz, erasora pasa beharko dute talde laranjako sakandarrak. Bestalde, Erbitiren lana Valverde babestu eta lidergoagatik borrokatzea izango da. Gaurko etapa Castelldefelsen bukatuko da, larunbatekoa, Collada de la Gallinan, igandekoa Peyragudesen eta astelehenekoa Formigalen.