Sakandarrak ongi Pirinioetako etapetan. Ihesaldietan sartu dira Egoi Martinez eta Gorka Verdugo

Guaixe 2013ko irailaren 9a

Espainiako Vuelta Pirinioetako etapa ikusgarrietan murgilduta ibili da asteburuan. Euskalteleko lau txirrindulari sakandarrek - Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza - lan itzela egin dute, talde laranjak etapa garaipen bat lortzea eta Samuel Sanchez liderra sailkapenean gora egitea baitzuten helburu. Lan bikaina egin dute guztiek, makina bat ihesaldietan sartu baitira sakandarrak. Horren isla, ostiralean Egoi Martinez 8.a izan zen, eta igandeko etapan, Vueltako etapa nagusienean, talde onena izan zen Euskaltel, eta sailkapen orokorrean 2. talde onena da, baina bezperako etapan Nievek eta Landak egindako lan itzelak eragina izan zuen eta ezin izan zuten etapa garaipenagatik borrokatu. Hala ere, sailkapen orokorrean Samuel Sanchez 9. postura igo da eta alde horretatik pozik daude Euskaltelen. Gaur Formigalen bukatuko den Pirinioetako azken etapan aukera ere badute. Vestalde, Valverde taldeburuari laguntzen ibili da Imanol Erbiti. Sailkapenean 3.a da Valverde, baina "zerbait gehiago lortzeko" borrokatuko dela nabarmendu du murtziarrak. Sailkapen orokorrean distantziak handitu bai, baina Pirinioek ez dute sailkapena goitik behera aldatu. Vincenzo Nibalik jarraitzen du lider, Horner 50 segundura, Valverde 1:42ra eta Purito Rodriguez 2:57ra dituela. Samuel Sanchez 9.a da, 7:46ra. Sakandarrei dagokienez Egoi Martinez 32.a da, 58:28ra; Gorka Verdugo 62.a, 1:40:46ra; Jorge Azanza 88.a, 2:01:50era; Imanol Erbiti 111.a, 2:29:12ra; eta Pablo Urtasun 141.a, 3:00:36ra.Gaurko etapaGaur Pirinioetako azken etapa jokatuko da, Grausen hasi eta 1. mailako Formigalen despedituko dena, Foradada eta Cotefablo portuak pasa ondoren.