Egoi Martinez 14.a Formigalen

Guaixe 2013ko irailaren 10a

Atzo Pirinioetako azken etapa jokatu zen, Grausen hasi eta Formigal eski estazioan despeditu zena. Azken egun hauek oso gogorrak izan dira txirrindulariendako, mendiko etapa gogorrei hotz izugarria eta euria gehitu zaizkielako. Faboritoen artean mugimendua egon zen baina etapak ez zuen aparteko eraginik izan. Warren Barguil frantziarrak irabazi zuen, Rigoberto Uranekin esprint estua izan eta gero. Euskalteleko Egoi Martinezek etapa polita egin zuen, eguneko ihesaldian sartu zen eta 14.a iritsi zen helmugara. Egindako lanaren ondorioz, talde laranjak lortu du Vueltako talde onenaren lidergoa. Sailkapen orokorrean Vincenzo Nibalik jarraitzen du lider, nahiz eta atzo segundotxo batzuk galdu. 28 segundora du Horner eta 1:14ra Alejandro Valverde. Samuel Sanchezek 9. Postuan jarraitzen du, 7:33ra. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 30.a da, 57:32ra; Gorka Verdugo 61.a, 1:44:51ra; Jorge Azanza 89.a, 2:17:34ra; Imanol Erbiti 111.a, 2:44:56ra; eta Pablo Urtasun 124.a, 3:02:27ra.  Gaur atseden eguna dute, eta asteazkenean Calahorra eta Burgos arteko etapa egonen da jokoan, esprinterrendako aukera. Gero etorriko dira Asturiaseko mendiko etapa gogorrak, Naranco eta L´Angliru potoloak tarteko.