Heldutan euskara ikastea posible da; euskaltegiak hori errealitate bihurtzeko irrikitan daude

Guaixe 2013ko irailaren 10a

Mezu horixe zabaldu zuen aurreko ostiralean Iruñean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari nagusi Paul Bilbaok. Heldutan euskara ikasteko urratsa ematen duten herritarren konbentzimendua txalotu zuen Bilbaok eta egiteko horretan IKAko eta AEKko euskaltegiek Nafarroan egiten duten lana aitortu eta zoriondu zuen: "Oztopoen gainetik gure herria herritar euskaldunez betetzeko ekarpenari erantzukizunez erantzun izan diote eta erantzuten diote gaur egun ere". Norabide horretan Nafarroako Gobernuak eta bere hizkuntza-politikak ez dutela laguntzen azpimarratu zuen: "are gehiago, gehienetan gure kontra datoz. Nafarroako Gobernuak ez baitu helduak euskalduntzerik nahi, eta horretarako bere esku dagoen guztia baliatzen du helduak euskalduntze-prozesuetatik aldentzeko: dirulaguntzak kendu, oztopoak jarri..."Euskaltegiak betetzeraDei hori egin zuen Bilbaok. "Zalantzarik ez dugu euskaraz bizi nahi dugun herritarrak gero eta gehiago garela, baina euskaraz biziko bagara euskaldun gehiago izan behar dugu". Horregatik, euskaltegietan izena emateko deia luzatu zien herritarrei. Interesa duten herritarrek AEKren (948 220 213 edo www.aek.org) eta IKAren (948 222 246 edo campion@ikanet.net) euskaltegietan besoak zabalik topatuko dituzte.Bilbaorekin baterak Ikastolen Elkarteko Peio Mariñelarena, Sortzen-Ikasbatuazeko Aiora Epelde eta Garikoitz Torregrosa, Euskal Herrian Euskarazeko Peio Zabalza, Topaguneko Pablo Kormenzana, AEKko Helios del Santo eta IKAko Joxerra Olano izan ziren.