Elkar-ezagutzaren hazia

Guaixe 2013ko irailaren 12a

Horixe landatzen ari da Sakanan, han-hemenka, Immigrazio Zerbitzuan. Horretarako igandean jatorri ezberdinetako sakandarrak biltzeko deia egin zuen. Goizeko euriak batzuk atzera bota bazituen ere, Marokon, Aljerian, Ekuadorren eta ibarrean sortutako 22 sakandar bildu ziren. Irañetan Pedro Beraza alkateak egin zien harrera, herriaren berri ematearekin batera udaletxe ondoan abereak ferratzeko tokia erakutsi zien. Bisitatzen hurrengo tokia Urruntzure iturburua izan zen. Han gosaldu ondoren, haritzen ibilbidea osatu zuten, Andia magalean. Ondoko bordan bazkaldu ondoren, jolasen garaia iritsi zen. Txangoak elkartutakoak "aniztasunak blaitu" zituen, "ezberdintasunak hurbildu eta berdin egin gintuen, umore onez beteriko egun alai batean". Artekotasunaren domina bana jaso zuten parte-hartzaileek eta esperientzia errepikatzeko irrikatan despeditu ziren.