LABek Guardia Zibilak Inasan eta Altsasun izandako jarrera salatu du

Guaixe 2013ko irailaren 12a

"Sakandarren artean arrazoi ugari daude errepresioaren kontra borrokatzeko.  Errebindikazio demokratiko hori kriminalizatzeko saiakera salatzen dugu"Sindikatu abertzaleak nabarmendu duenez, finantza krisiak eraginez "enpleguaren defentsan edo zerbitzu publikoen eta pentsioen defentsan aritzeagatik sakandar askok talde polizialen jazarpena jasan dute. Beraz normala da Sakanan gero eta gehiago izatea,  indar errepresiboak  nahi ez ditugunak". Horregatik, "guztiz demokratikoa da  euren irteera aldarrikatzea. Are eta gehiago protesta hau jai giroan eta bakean ospatzen denean". Inasako langileen kontra Espainiako Gobernu ordezkari Carmen Albak "Guardia Zibila Irurtzunera modu neurrigabean eta bortitzean" bidali zituela salatu du LABek. "Lan eskubidea defendatzen ari ziren langileak kolpatu eta zigortu zituzten kriminalak bailiran". Ondorioak: "langile batek bi hankak hautsita eta 6 herritar 300 eta 6.000 euro arteko isun bana jasotzeko salaketa" (isuna jasoko duten kopurua handitu daiteke). LABetik gogorarazi dute otsailean Sakanan egindako manifestazioaren bezperan auto-karabana batean parte hartu zuen sindikatuko kide batek bozina jasotzeagatik 1.800 euroko isuna jaso zuela Guardia Zibilarengandik. Irurtzunen eta Altsasun errepresioak kaltetutako guztiei elkartasuna adierazi die LABek. Sindikatutik zehaztu dutenez, "gaur egun Sakanan enplegu eta zerbitzu publiko duinak  behar ditugu, indarra eta errepresioa soberan daude eta beraz indar errepresiboek ez dute lekurik gure eskualdean".