Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alex Mariñelarenak Dani Rivas ordezkatuko du asteburuan Misanoko zirkuituan jokatuko den San Marino Sari Nagusian. Munduko onenekin ariko da, atzera ere, irurtzundarraAlex Mariñelarena pilotu irurtzundarrari primerako aukera sortu zaio berriz: Munduko Motoziklismo Txapelketan aritzea. Asteburuan San Marino Sari Nagusia dago jokoan, Misanoko zirkuitu mitikoan, eta bertan ariko da irurtzundarra. Dani Rivas pilotuaren ordez ariko da Mariñelarena, Rivas Silverstonen lesionatu baitzen. Rivasen taldearekin ariko da, Blusens Avintia, eta haien Kalex motorrarekin, Moto 2 mailan.Alex Mariñelarenak (Targobank Motorsport, Suter motorra) Munduko Motoziklismoko bizpahiru lasterketetan parte hartu du, 2012an MotorLand Aragon zirkuituan eta aurten Jerezen eta Alemanian, gonbidatu edo Wild Car bezala. Uztailaren 14an Alemaniako Moto GP Sari Nagusian aritu zen, Moto 2 mailan. Esperientzia hartzea zen bere helburua eta Sachsenring zirkuitu konplikatuan munduko onenekin aritzeko aukera izan zuen. Nahiz eta hainbat arazo izan, erorketak tarteko, zukua atera zion esperientziari. Asteburuan, Misanon izanen du esperientzia hori handitzeko aukera.Bere ohiko Suter motorrean ibili beharrean, Kalex motorrean igoko da lehendabiziko aldiz irurtzundarra. Jakina, motorrari puntua hartzea izango da bere lehendabiziko lanetako bat. "Blusens Avintia esperientzia handiko taldea da eta oso motor lehiakorra gidatuko dut. Motorrari egokitzea baino gurpilei egokitzea izango da erronka, eurek motorra puntuan dutelako" adierazi du Mariñelarenak. Izan ere, mundialean Dunlop gurpilak erabiltzen dira eta Espainiako Abiadura Txapelketan, aldiz, Michelinak. Hortaz, erronka handia du Alex Mariñelarenak, duen balioa erakusteko aukera aparta.Valentino Rossiren etxean jokatuko da proba eta tifossiz josia egongo da Misano. Aldiz, pilotu espainiarrak dira faboritoak Moto GP mailan, Marquez, Pedrosa eta Lorenzo buru. Moto 2ko buru Scott Redding britainiarra da, Pol Espargaroren aurretik.Misanoko ordutegiaMisanoko 4,2 km-ko zirkuituan ariko da lanean Alex Mariñelarena. Igandean, 12:20ean hasiko da Moto2ko lasterketa. Aurretik, larunbatean, entrenamendu nagusiak 10:55ean eta 15:05ean izanen ditu Mariñelarenak. Badakigu zale sakandar batzuk Misanon bertan jarraituko dutela proba, baina gainontzekoek telebistaz jarraitu ahal izango dugu, zuzenean.