Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jesus Mari Mendinueta arbizuarrari eta Bautista Barandalla etxarriarrari 197/2006 doktrina ezarri diete, beste hainbati bezala espetxe zigorra luzatuz. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak doktrinari ebatziko duenaren zain daudela, "gizartearen aktibazioan" lan egin du Herrira-k. Herritarron epaia izeneko ekimena horren lekuko. Udan 80 herri bisitatu dituen koaderno handiak doktrinari buruzko herritarren ekarpenak jaso ditu. Azken geldialdia bihar Iruñean eginen du. Ekitaldiko soinu banda Luisillo Kalandraka eta Pello Reparaz sakandarren Vendetta taldeak sortu du eta 2.000 laguneko abesbatza batek kantatuko du bihar. Herrirako Jon Garaik salatu duenez, "oraindik ere krudelkerian eta mendekuan oinarritzen da. Espetxeetako egoera geroz eta okerragoa da, eta presoen eta haien senitartekoen sufrimendua, berriz, inoizko handiena". Garaik gaineratu duenez, "begi bistakoa da estatuek ez dutela pauso bakar bat ere egin nahi konponbidearen eta bakearen alde, eta egunero ikusten dugu zer-nolako mespretxua dieten giza eskubideei". Egoera iraultzeko euskal herritarrok baldintza egokiak sortu beharko ditugula gaineratu zuen.