Egoi Verdugo hirugarrena Vueltan

Guaixe 2013ko irailaren 13a

Espainiako Vueltak emozioa izanen du azken unera arte. Atzo Peña Cabarga gainean despeditu zen etapan Vasil Kiryienka izan zen garailea. Egoi Martinez etxarriarrak puntan jarraitzen duela erakutsi zuen eta atzera ere eguneko itzulian sartu zen, helmugara 5.a iritsiz, 1:42ra. Eguneko txirrindulari lehiakorrenaren saria jaso zuen. Sekulako Vuelta egiten ari da Egoi, eta orohar talde laranja guztiak, eta horri esker Vueltako talderik onena izaten jarraitzen du Euskaltel-Euskadik. Egoi, Verdugo, Urtasun eta Azanza, taldeko sakandarrak, kontentu egoteko moduan daude. Baina eguneko sorpesa Chris Hornerrek eman zuen, erasoa jo eta Nibali liderrarekin duen aldea laburtuz. Nibalik jarraitzen du lider, baina soilik 3 segundora dago Chris Horner, eta 1:09ra Alejandro Valverdek. Hiru etapen faltan, tartean Naranco eta L´Anglirú goi mendiko bi etapak, inoiz baino irekiago dago Vuelta eta askok Horner ikusten dute faborito nagusi. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 30.a da, 56:55era; Gorka Verdugo 62.a, 1:54.46ra; Jorge Azanza 91.a, 2:29:44ra; Imanol Erbiti 114.a, 3:06:25era; eta Pablo Urtasun 121.a, 3:22:25era. Gelditzen denaAsturiasen goi mendiko beste bi etapa gogor dituzte aurrez aurre: gaurkoa, 1. mailako Naranco ikusgarrian despedituko dena, eta larunbatekoa, kategoria bereziko L´Anglirun bukatuko dena. Biak ere portuz josita. Euskaltelekoak, atzera ere, etapa garaipen bat lortzen saiatuko dira, eta hor egongo dira jo eta fuego sakandarrak. Erbiti, aldiz, Valverde laguntzen ariko da. Izan ere, Vuelta da jokoan dagoena, faboritoen arteko aldea txikia baita. Igandean, esprinterrendako etapa hartuko du Madrilek, Castellanan despedituko dena. Nor izango da garailea? Mendiak erabakiko du.